Preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira Lea-Artibai eta Busturialdeko langileak
Euskal Herri osoko 31 langilek Ireki dinamika aurkeztu zuten 2016ko azaroan. Dinamika horren helburua da euskal preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzeko eskatzea. Eta helburu horrekin, Euskal Herriko langileen artean sinadura bilketa egiten hasiko zirela iragarri zuten. Eta asteon Lea-Artibain eta Busturialdean hasi dira sinadurak batzen. Ekainaren 17ra bitartean, Euskal Herri osoko 150.000 langileren sinadurak batzea dute helburu.
“Bost urte pasatu dira ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik, eta oso kezkatuta gaude euskal preso eta iheslarien egoerarekin”. Diotenez, mundu mailan gertatutako gatazka armatuak konpontze bidean jarri direnean, preso eta iheslariak etxerako bidea hartzen ikusi izan dira. “Guztiak batera, epeka, legediak aldatuz edo aldatu gabe, modu desberdinetan, baina etxerako bidean”.
Horren aurrean, euskal preso eta iheslariak ere etxerako bidean jartzeko garaia dela diote. “Langile munduak historikoki erakutsi izan duen eragiteko gaitasunaz baliatu nahi dugu helburu horretan laguntzeko”.
Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat langilek Ireki dinamikarekin bat egin eta Ondarroatik Bermeora sinadurak biltzen ari dira. Besteak beste, ondoko lantokietako eta herrietako langile batzuek egin dute bat kanpainagaz: Ondarroako portua, Lekeitio, Cikautxo (Berriatua), Eika (Etxebarria), Nemak (Etxebarria), Markina-Xemein, Maier (Ajangiz), Gernika-Lumo eta Bermeoko industrigunea.
Sinadura eman eta argazkia aterata, langileek Ireki dinamikaren helburuekiko konpromisoa aldarrikatu nahi izan dute. “Lea-Artibai eta Busturialdeko enpresetan ere, langileok preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzea bultzatuko dugu”.