XVII. Urrezko binakako aizkolari txapelketa-Eusko label sariaren bigarren kanporaketa irabazita, finalerdietarako txartela lortu dute zuzenean Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Aitzol Atutxak. Jokoan zeuden bi puntuak lortu zituzten zapatuan [urtarrilak 21] Zestoako Iraeta auzoko pilotalekuan jokatu zen norgehiagokan, eta, hala, lehen kanporaketa biak irabazita,
A taldeko buru jarri dira mutrikuarra eta dimoztarra.
Mugertza II.ak eta Atutxa II.ak maila ona erakutsi zuten Zestoan, eta Xabier Orbegozo
Arria V eta Joseba Otaegi nagusitasun osoz hartu zituzten mendean. Irabazleek
18 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko; bigarren sailkatuek baino 50 segundo gutxiago.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkoran. Argazkia: Iban Narbaiza
Kanporaketari dagokionez, bikote bakoitzak, sei probatan banatuta,
hamabi enbor moztu behar izan zituen. Eta lanei dagokienez, bestalde, aurrea hartzen lehenak mutrikuarra eta dimoztarra izan ziren. Ia proba guztietan –abiadura proban izan ezik– aurretik ibili zen bikote irabazlea. Azken lanera 49 segundoko aldearekin heldu ziren, eta lan erdirako lanetan abantaila horri eustea lortu zuten, abantaila horri segundo bat gehituz.
Finalerdiari dagokionez, Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Eneko Otaño –B taldeko hirugarren sailkatuak– izango dituzte aurkari, otsailaren 19an, Oñatin (Gipuzkoa) jokatuko den norgehiagokan.