Debabarreneko Gure Esku Dago-k 46.500 herritarrei erabakitzeko deia egin die
Eskualdeko dinamika taldea Mutriku, Itziar, Deba, Elgoibar, Eibar eta Soraluzek osatzen dute. Maiatzaren 7an galdeketak eginda, eskubidea errealitate bihurtuko dutela iragarri duteEibarren aurkeztu zuten zapatuan Debabarreneko Gure Esku Dago herri dina...
Eskualdeko dinamika taldea Mutriku, Itziar, Deba, Elgoibar, Eibar eta Soraluzek osatzen dute. Maiatzaren 7an galdeketak eginda, eskubidea errealitate bihurtuko dutela iragarri dute
Eibarren aurkeztu zuten zapatuan Debabarreneko Gure Esku Dago herri dinamika taldea. Haren baitan daude Mutriku, Itziar, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibar. Sei herri horiek, hain justu, maiatzaren 7an egingo dute herri galdeketa. Eta aurkezpenean 46.500 herritarrei egun horretan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko dei egin die taldeak.
Galdeketari zilegitasuna emateko, baina, Debabarrenean 4.400 sinadura behar dituztela esan dute. Mutrikun, esaterako, sinadura bilketa egiten amaitu dute, eta 775 sinadura lortu dituzte (gutxienez 600 behar zituzten). Gainerako herriek oraindik ez dute amaitu, eta batzuk oraindik ez dira hasi ere egin. Dena dela, ahalik-eta sinadura gehien batzea komeni dela azpimarratu dute.
Galdeketan herritarren gehiengoak parte hartzea nahi dutela esan dute. «Hori bermatzea izango da gure erronka nagusia». Baina bidea ez dela erraza eta oraindik ere lan handia egin behar dutela agertu zuten. «Gure aurretik galdeketak egin dituztenen lekukoa hartuta, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua lortu, galdera adostu, begiraleak ekarri… behar ditugu. Baina horren guz- tiaren gainetik, maiatzaren 7an Debabarrenean bizi diren 16 urtetik gorako 46.500 herritarrek botoa ematea lortu behar dugu».
Hiru fase nagusi
Bide horretan, hiru fase zehaztu dituzte: ehundu, adostu eta erabaki. «Sinadura bilketen bitartez, herritarron borondatea eta babesa batu nahi ditugu. Gero, galdera guztion artean adostuko dugu, herriz herri horretarako prozesuak abian jarriz. Azkenik, maiatzaren 7an erabaki egingo dugu».
Dagoeneko olatu gainean daudela eta ez dagoela atzera bueltarik esan dute. «Debabarreneko ia herri guztietara erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa zabaltzera gatoz». Eta, oro har, maiatzaren 7ko erronkari erantzuteko konpromisoa hartzeaz batera, lanerako «gogoa eta ilusioa» dutela azaldu dute bateko eta besteko herritarrek.
Taldea, zabalik
Talde bateratua aurkezteko urratsa eman eta gero, orain, herritar guztiei olatura gehitzeko dei egin nahi izan diete. «Bidea denon artean adostu behar dugu; denok sentitu behar dugu prozesuaren parte garela. Eta horretarako, konpromisoak beharrezkoak dira».
Taldea herritar guztiei zabalik dagoela esanaz amaitu zuten eskualde mailako aurkezpena. «Gure Esku Dago zabalik dago. Herritar guztientzat zabalik. Denon beharra dago. Inor ez dago soberan. Eta denok elkarrekin, ametsak egia bihurtuko ditugu».