EAJk proiektu ugari aurkeztu ditu udal aurrekoentuei begira
Aurrekontuen proposamenagaz lanean ari dira Bermeoko Udalean. Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) arabera, udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontuen proposamena «ez dago plangintza bati lotuta, eta ez du epe luzera bermeotarren eta Bermeoren beharrizanak...
EH Bilduk aurkeztu duen proposamena atalka aztertu dutela diote jeltzaleek, eta horretan agertzen diren zenbait partida «aurrekontua doitzeko egokituak» izan direla uste dute, «eta ez, errealitateari aurre egiteko». Modu horretan, herriaren etorkizuna «hipotekatzeko arriskua» dagoela uste dute jeltzaleek.
Jolastoki estalia
Diotenez, arlo guztietako 30 emendakin baino gehiago aurkeztu dituzte udalean. Lameran haur jolastoki bat estaltzeko diru partida bat sortzeko eskatu dute, bai eta txakurrak 24 orduz libre egoteko bi gune sortzeko 16.000 euroko partida bat bideratzea ere. Bi gune horiek Burujabetasun zelaian eta Adubidxen jartzeko eskaera egin dute. Bestalde, kiroldegiko kirol hornikuntzak hobetzeko inbertsioetarako 35.000 euroko partida bat sortzea proposatu dute.
Aurkeztu dituzten proiektuen artean, berriz, Itsasbegin aparkaleku bat egiteko lurren jabeagaz adostasunera iristeko edota desjabetze prozesua egiteko diru partida eta plangintza egitea eskatu dutela azaldu dute. Gainera, Askatasun bidea, Artika bidea, Ander deuna, Almika bidea, Tellaetxe tar Josu eta Erreñezubi kaleak bat egiten duten bidegurutzea egokitzeko proiektua garatzea ere eskatzen diote udalari, bai eta saihesbideko lotura egiten denerako, gune horretako zirkulazioa berrantolatzeko plana egiteko diru partida bat sortzea.
2017ko udal aurrekontuetan «adostasunera» heltzeko beharrizana dagoela nabarmendu dute jeltzaleek, «udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontuen proposamena irreala eta kontinuista delako».