Gozatuz eta gozaraziz, Lointek Gernika Bizkaiak garaipena lortu du etxean
Spar Gran Canariari 78-50eko markagailuagaz irabazi dio. Malosteko taldea jaun eta jabe izan da; denboraldiko lehen zatiko mailari eusten diola erakutsi du etxeko zaleen aurreanLointek Gernika Bizkaia 78-50 nagusitu zitzaion Spar Gran Canariari, zapatu...
Spar Gran Canariari 78-50eko markagailuagaz irabazi dio. Malosteko taldea jaun eta jabe izan da; denboraldiko lehen zatiko mailari eusten diola erakutsi du etxeko zaleen aurrean
Lointek Gernika Bizkaia 78-50 nagusitu zitzaion Spar Gran Canariari, zapatuan. Malosteko taldeak bere jokoaren erakustaldia eskaini zien etxeko zaleei, beste behin.Garaipen gosez kantxaratu ziren talde gernikarraren jokalariak, eta denboraldiko lehen zatian erakutsitako mailari eusten diotela argi utzi zuten.
Pinaren saskiratzeagaz etxeko taldeak estreinatu zuen markagailua. Defentsan sendo, eta bere jokoa eginez, lehen laurdeneko bosgarren minutuan 11-2ko emaitzagaz aurretik zen. Hala ere, kanariarrek tarteak aprobetxatuta aldea murriztea lortu zuten, eta bost puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 16-11.
Batik bat defentsa lan bikainari esker, hurrengo minutuetan Emakumezkoen Ligako talderik indartsuenetakoa dela agerian utzi zuen Malosteko taldeak. Esate baterako, bigarren laurdenaren lehen minutuetan Carter gogotsu agertu zen, eta haren grina beste jokalariengana zabaldu zen. Etxekoen saskiratzeak bata bestearen atzetik heldu ziren, eta horien artean nabarmentzekoak dira Carterren beraren eta Asurmendiren hirukoak.
Bigarren laurdenean abantaila handia lortu zuen Gernika-Lumoko taldeak. Izan ere, hamabost minutu horietan, talde kanariarrak zortzi puntu baino ez zituen lortu (21-8ko partziala). Spar Gran Canaria taldeko jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta etxekoak estutzen ahalegindu ziren. Baina horien ahaleginak ez zuen ondorio nabarmenik izan.
Atsedenaldiaren ostean, markagailuko aldeari (37-18) eustea zen etxekoen erronka, eta partida erabakita uzteko lanean jarraitu zuten. Ondo jokatuz eta aurkariari beren jokoa egiteko zailtasunak emanez, talde indartsua ikusi zen berriro Malosten. Lehen bi laurdenetan moduan, hirugarrenean ere, bi taldeen arteko aldea agerian geratu zen.
59-32ko emaitzagaz ekin zioten azken laurdenari. Spar Gran Canariako jokalariak nahi eta ezinean aritu ziren partidaren azken minutuetan ere. Bitartean, etxekoek beren jokoagaz gozatzen eta publikoa gozarazten jarraitu zuten. Esaterako, lehia amaitzeko bost minuturen faltan ia 30 puntuko aldea zuten markagailuan (66-39). Lointek Gernika Bizkaia jaun eta jabe izan zen partida osoan.