Urteko lehen jaiak, giroz beteak
San Anton eta San Bizente jaietako ospakizunek bat egin dute asteburuan. Martitzenean hasitako jaiei amaiera eman diete Barinagan, eta sanbizenteei ekin diete munitibartarrek.Hotzari eta izotzari aurre eginez hasi zituzten San Anton jaietako zapatuko e...
San Anton eta San Bizente jaietako ospakizunek bat egin dute asteburuan. Martitzenean hasitako jaiei amaiera eman diete Barinagan, eta sanbizenteei ekin diete munitibartarrek.
Hotzari eta izotzari aurre eginez hasi zituzten San Anton jaietako zapatuko ekintzak Barinagan. Markina-xemeindarrak ez eze, Etxebarria, Ondarroa, Erandio, Kortezubi, Ordizia eta Elorrioko korrikalariak bildu zituen, besteak beste, I. Kalamuako jaitsierak. Hasierako metroetan izotza aurkitu zuten, eta erorikoren bat edo beste ere egon zen 4 kilometro inguruko ibilbidean; ezer aitagarririk ez, dena dela.12:00etan atera zen lehen parte hartzailea, eta minututik minutura, gainerako 22ak. Gizonezkoen podiumaren gorenera Joseba Plaza auzotarra (11:59) eta Mayi Mujika (14:28) elgoibartarra igo ziren. Mutilen podiuma Lander Balsera etxebarritarrak (12:51) eta Javier Goitia gernikarrak (12:51) osatu zuten. Ehunekoek erabaki zuten 2. eta 3. postua. Emakumezkoen podiumean bigarrena Garazi Sampedro atxondoarra izan zen (15:42), eta Bidane Baskaran auzotarra izan zen hirugarrena (17:01).
Barinagako jai batzordeko kideak pozik azaldu ziren parte hartzaile kopuruagaz eta probaren joan-etorriagaz, eta datorren urtean oraindik ere hobeto egingo dutela esan zuten.
Arratsaldean eta gauean ere jende asko batu zen Barinagan jokoan egin eta afaltzeko gogoz. 24 bikotek hartu zuten parte arratsaldeko Briska Txapelketan, eta Mari Karmen Arrate eta Feli Apoita izan ziren irabazleak.
65 lagun batu ziren, bestalde, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeitak lehenengo eta Laja IIak eta Lutxurdixok ondoren girotu zuten afarian. Kopla eta dantza, goizaldera arte luzatu zen jaia; hala ere, hurrengo goizean ere prest zeuden barinagarrak eta inguruetako bizilagunak mendirik mendi ibilaldia egin eta auzoko baserriak ezagutzeko. Kirolak eta jolasak bat egin zuten txangoan, baserrien izenak asmatu behar zituzten-eta parte hartzaileek.
Jaiekin amaitzeko, urtero modura, orgaren zozketa egin zuten; zenbaki saritua 2.761 izan da.
San Bizente
Pala partidekin eta Oihan Vegak euskararen inguruan egindako bakarrizketagaz hasi zituten barikuan sanbizenteak Munitibarren. Zapatuko lehenengo jarduerak umeak izan zituen protagonista. Goizetik eguerdira arte, puzgarri eta jolasetan jarduteko aukera eduki zuten gaztetxoek, eta ohi legez, frontoian giro polita egon zen.
Arratsaldean, Puski eta Txurruski pailazoen Klowmunikatufest antzezlana eduki zuten, eta umeek ez eze, gurasoek ere ederto pasatu zuten pailazoen ateraldiekin. Arratsaldeak I. Briska Txapelketa ere ekarri behar zu-en, baina bikote bakar batek eman zuen izena, eta bertan behera geratu zen karta jokoa.
Domeka eguerdian, berriz Markina-Xemeingo Emeki koralaren kalejiragaz eta Lea Ibarra Motrollo Pelota Elkartearen pilota partidekin ospatuko zuten San Bizente eguna.
Datorren zapatuan Mus Txapelketa lehiatu ostean, txokolate janagaz emango diete amaiera jaiei munitibartarrek.