Iraitz Legarra markina-xemeindarrak irabazi du 35. Bizenta Mogel lehiaketa
Azkoitiko (Gipuzkoa) 35. Bizenta Mogel ipuin lehiaketak baditu irabazleak. Lehen saria Iraitz Legarra markina-xemeindarrarentzat izan da, Iraganaren orbela ipuinarengatik. Bigarrena, berriz, Azkoitiara joan da: Lide Rekondok irabazi du Inoiz ez da berandu lanagaz. Eta, hirugarrena, Gotzon Plaza gernikarrak eskuratu du, Nicola, lagun zaharra narrazioarengatik. Guztira, 33 lan aurkeztu dituzte edizio honetara, eta epaimahaiak joan den asteazkenean jakinarazi zituen irabazleen izenak, Azkoitiko udaletxean egindako ekitaldian.
Legarrak Lehen Mundu Gerra osteko Ameriketako Estatu Batuetan kokatu du istorioa. Mafiaren inguruko narrazio bat da hark sortu duena, eta asko eskertu zuen bere lana saritu izana. “Idazten dugun denok hasten gara buruan dugun ideia batekin, eta zuk buruan duzun hori askotan ez da erraza izaten paperean ipintzea. Zuk biltzen duzu buruan duzuna karta batean bezala, erantzunik jasotzeko itxaropenik gabe, printzipizoz. Eta deitu zidatenean, sekulako ilusioa egin zidan. Horrek esan nahi du norbaitek zuk idatzi duzun horretan zerbait polita aurkitu duela”.