Santa Ageda bezpera izanik, gaur [otsailak 4] goizean goizetik, koplak kantari ibili dira ume, gazte eta nagusiak Lea-Artibai eta Mutrikuko kale eta auzoetan zehar. Egurrezko makilak eskuan, etxe eta baserri guztietara eraman dute aspaldiko ohitura zaharra.
Mutrikuarrak eta berriatuarrak izan dira Agedari koplak eskaintzen lehenengoak. 09:30ean bildu dira mutrikuarrak gaztetxearen aurreko Zubiaga plazan. Banaka-banaka joan dira heltzen makilak esku batean eta aterkia bestean. Eguenean [otsailak 2] zendu zen Jon Azpillaga bertsolaria izan dute gogoan. Izan ere, bera izan zen Mutrikuko kaleko santa eske hiritarraren bultzatzaileetako bat. Horrela, lazo beltza makiletan jarrita egin dute kantuan mutrikuarrek, Azpillagaren omenez.
Zubiaga plaza kantariz bete denean, taldeetako banaketa egin dute; Olatz auzorako batzuk, kaleetan abesteko talde bi eta Astigarribiarantz zihoazenak beste taldean. Olatz auzora joan den taldeak berehala egin du bertarantz, beste hiru taldeek, berriz, Goiko Plazara abiatu dira, ohi duten moduan, herriko alkateari, Jose Angel Lizardiri, kaleetan abesteko baimena eskatzeko. Aurten, lehen aldiz gainera, San Jeronimokoak ere batu zaizkie plazan, auzoan kantuan egin orduko.
Sei lagun aritu dira koplari Goiko Plazan: Iñaki Apalategi, Xabi Astigarraga, Imanol Lekunberri, Iñigo Arrizabalaga, Beñat Iguaran eta Orlando Arreitunandia. Jexus Mari Irazu eta Laxaro Astigarraga izan dira gaurko beste koplari biak. Horiek, baina, Olatz aldea girotu dute.
Mutrikuarrak Zubiaga plazan Santa Eskean hasi aurretik.
Baimena eskatzeagaz gain, hurrengoan, baserritar jantzia eta makila ekartzera gonbidatu dute koplariek alkatea. Bera izan da borondatea ematen lehenengoa; aurten batzen duten dirua Gure Esku Dagorentzat izango da.
Jon Azpillagarenganako esker on eta oroitzapenez beteak egon dira lehen koplak, eta biribila ere apurtu dute koplariek leihora atera diren Azpillagaren senideei begira kantatzeko. Bere omenez egin dezaketena horixe bera dela esan dute: Santa Ageda abestera ateratzea.
Baserriz baserri. Goizetik gabera arte kantuan ibili dira berriatuarrak. Baserriz baserri egin dute koplatan goizean, eta Goxalde elkartean bazkalduta, Urepel kafetegian batu eta kantuan jarraitu dute arratsaldean. Bi talde ibili dira goizean Milloi auzoan zehar kantuan eta Juan Eguren bertsolariari omenaldi txikia ere egin diote, azaldu dutenez, “afari legean kopaua eskaintzen lehena izan zelako eta urte askotan kantuan aritu izanagatik”.
Berriatuarrak Urepel tabernan kantuan.
Arratsaldean ere bi taldetan banatu dira berriatuarrak. Batzuk goiko alderantz egin dute Egi baserritik kantuan hasteko, eta besteak beherantz joan dira Saizar aurrean hasi eta Askartzaraino buelta osoa emateko. Guztiek batera herrigunean abestea izan dute helburua, gero Goxalde elkartean kopaua hartu eta jaiagaz jarraitzeko. Goiz eta arratsalde koplari ibili dira: Joseba Koldo Basterretxea Antzalei, Iñigo Gojenola Pako, Joseba Goienola Kasko, Imanol Aldazabal Bastalotza eta Julen Soraluze Pepe.
Goizetik ibili dira bai eta Ispasterren ere. Egitasmo ugari zituzten aurreikusita laguntzeko, eta beraz, gogoz egin dute kantuan, borondate eske. Guztira, 1.493,75 euro bildu dituzte. Eta bildutako diru guztiaren %25 Ispasterko Gure Esku Dago taldera bideratuko dutela jakitera eman dute; beste %25 Chioseko irlan (Grezia) errefuxiatuei laguntza ematen dien Zaporeak proiektura bideratu dute. Azkenik, %50 auzo lanerako erabiliko dutela azaldu dute: herriko iturri bi berreskuratzeko materialak ordainduko dira. Santa Eskean aritu ziren herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete.
Amorotarrak ere auzorik auzo egin dute kantuan goizean, eta Ondarroako Garraxikak eta Kantaizek herriguneko kale guztiak girotu dituzte kantuan.
Ondarroako Garraxikakoak, gudarien monolito aurrean, eguerdian.
Etxebarrian, Lekeition eta Mendexan, bestalde, arratsaldean ibili dira kantariak atez ate kantuan egin eta makilak astintzen. Euskal preso eta iheslarien aldeko santa eskeak egin dituzte Etxebarrian eta Lekeition. Horrez gain, Kanta tailerrekoak eta Batzokikoak ere atera dira Lekeitioko kaleetara.
Xemein Gazte Ahots eta Xemein Abesbatzen Santa Ageda bezperako urteroko kantaldiez gainera, elkarte ezberdinek osatutako taldeak zeharkatu ditu gaur, Markina-Xemeingo kaleak. Izarbidean elkartearen alde dirua batzeko bat egin dute Guraso Elkarte, XAT, Bertso Eskola, Gure Esku Dago eta zelan ez, Izarbidean elkarteko kideek. Plazabarripean azken entseguak egin eta atera dira herrian zehar kantuan egitera. Azpillagaren ereduari jarraituz, zuzeneko koplak berreskuratu dituzte eta leloetarako aspaldiko doinuak erabili dituzte.
Auzorik auzo egin dute lehen ibilbidea aulestiarrek, 18:00ak aldera plazara bueltatu, eta bertan amaitu dute Santa Eskea herri giroan abestuz. Batu duten dirua, eskolako LH 5 eta 6. mailetako ikas bidaiarako izango da. Ikasleak izan dira aurten, Santa Agedaren antolatzaileak.
Ziortza-Bolibarko beheko aldekoei egokitu zaie aurten, Santa Eskeko kantarien doinuak entzutea. Gosta, Arta, Beiziku, Malana, Zabalei eta Ikestei baserriak bisitatu dituzte kantariek aurten euriari eta hotzari eztarriekin aurre eginez. Ibilbide luzea izan dute aurretik, baina Markola Guraso Elkarteak afaritxoagaz eskertu die kantuan ibili direnei egindako ahalegina.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.