Gazteen eta 6 urte arteko umeen gurasoentzat ikastaroak emango dituzte Lea-Artibain
Lea-Artibai Amankomunazgoaren ikastaro eskaintzaren barruan, gurasoentzat zuzendutako doako formazio-tailerrak prestatu dituzte.
Ikastaroetan parte hartzeko 94-616 90 78 telefono zenbakira deitzea, edo prebentzioa@lea-artibai.org helbide elektronikora mezua idaztea beharrezko da. Era berean, Markina-Xemeingo Lea -Artibai Amankomunazgoaren egoitzan izena eman daiteke.
Gurasoekin batera, hazkuntza gaietan prestaketa jasotzeko interesa duten Lea-Artibai Amankomunazgoko udalerrietako biztanleek ere parte hartu dezakete, baina, gurasoek dute lehentasuna.
Alde batetik, EDIREN osasun kooperatibaren psikologoen eskutik, gazteen guraso edo hezitzaileentzat ikastaroa emango dute otsailean eta martxoan.
Beste alde batetik, 0-2 eta 2-6 urte bitarteko umeen gurasoentzat ikastaro bana antolatu dute, eta horietan parte hartzeko asmoa dutenek, hilaren 20a baino lehen izena eman behar dute.
Gazteen gurasoen formazio-ikastaroa 12 eta 21 urte bitarteko seme-alabak dituztenei zuzenduta dago, eta datorren astean hasiko da. Lekeitioko Kultur Etxean, Markina-Xemeingo Lea -Artibai Amankomunazgoaren egoitzan eta Ondarroako Kofradia Zaharrean emango dute. Aipatu herrietan bost egunez egingo dituzte saioak, bi orduko iraupenagaz (17:30etatik 19:30era).
Lekeition eta Markina-Xemeinen datorren astean egingo dute lehen saioa, eta Ondarroan, ostera, martxoaren 7an hasiko da.
Online. Bestalde, 6 urte arteko umeen gurasoek online jasoko dute formazioa, baina, bi saio presentzial egingo dituzte Lea-Artibai Amankomunazgoaren egoitzan (ordubeteko iraupena izango du saio bakoitzak). Kurtsoa gainditzeko 90 ordu teoriko-praktiko burutu behar dira.
Ikastaroek gutxi gorabehera hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta EHUren laguntzagaz, ETXADIko psikologoek emango dituzte. Familiekin, hezkuntzako eta gizarte zerbitzuko profesionalekin lan egiten duten talde profesionalagaz osatutako Familia Psikologia Unibertsitate Zentroa da ETXADI. Prebentzioa sustatzea da haien helburua, haurtzaro eta nerabezaroan zehar hazkuntza eta hezkuntza bermatzeko, nahiz gurasotasunaren oinarrizko irizpideak ezartzeko.
Hazkuntza eta Hezkuntza familiarra izenburupean Ikasi Hezteko deritzon egitaraua landuko dute. Hain zuzen ere, hauek dira aipatu bi ikastaroetan parte hartzen dutenekin landuko dituzten gai nagusiak: familia bizitzaren antolakuntza, psikologia garapenaren ezagutza eta estimulazioa eta hazkuntza gakoak