Gazte mutrikuarraren heriotza salatzeko mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Adierazi dutenez, bihar [otsailak 14]
elkarretaratzea egingo dute Donostiako Adegiren egoitza aurrean, 12:00etan,
Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea! lelopean. LABeko ordezkaritzak jakitera eman duenez, Mutrikutik elkarretaratzera joateko aukera egongo da. “Irteera 10:45ean izango da, goiko biribilgunetik”.
LAB sindikatuak jakitera emandakoaren arabera, astelehenean [otsailak 6]
oso larri zauritu zen 35 urteko langile mutrikuarra, eta barikuan [otsailak 10] zendu zen. Lau metroko altueratik erori zen behargina, eta Betelu enpresako langilea zen izatez. LABek istripua “isilean eta ezkutuan gorde izana” salatu zuen eguenean: “Ibarmia Adegiko presidenteordearen enpresa da, eta Adegiko ordezkari nagusiak dira isiltasunaren konplize nagusiak. Zergatik isilean gorde? Zerbait ari dira ezkutatzen edo manipulatzen?”. HITZA harremanetan jarri zen Ibarmia enpresarekin, baina ez zutela hitz egingo jakinarazi zuten enpresakoek.
LABek gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren ikerketa egiteko eta
neurriak hartzeko eskatu die erakundeei, ikuskaritzari, Osalani eta Lan Delegaritzari, “behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrola dezaten”. Sindikatuak adierazi du “beharrezkoa” dela eredu aldaketa, “langileon osasuna eta bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen eredu ekonomikora eta sozialera bidean”.
LAB sindikatuak elkartasuna adierazi dio hildakoaren lagunei eta senideei.
Gipuzkoako Sortuk ere salatu du gertatutakoa.
Horrez gain, mutrikuarra azpikontratatuta egoteari ere garrantzia eman dio LABek.
Azpikontratazioa prekarietatearen “oinarrizko osagaia” da, eskubide eta prebentzio neurrien faltarekin, erritmo azkarrarekin, presioarekin, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera. Sindikatuko kideek adierazi dute azpikontratazioak “gutxi batzuen irabaziei” egiten diela mesede. “Nazka-nazka eginda” daudela ere salatu dute. “Nazkatuta gaude eredu honek ekartzen dizkigun ondorioez, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, langileen osasunaren eta bizitzaren aurretik mozkin eta irabaziak lehenestearekin”.