Otsailaren 27an, 10:00etan, elkartuko dira jardunaldiko parte hartzaileak Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Guneko auditorioan, eta elikadura arloan 3Dn inprimatzeko dauden erabilerak aztertuko dituzte. Sarrera doakoa izango duen topaketak 9:30etan irekiko ditu ateak eta 12:00ak aldera amaituko da.
Leartiker 2012ko abenduan hasi zen Gosari Teknologikoak antolatzen, jardunaldi bakoitzean entzuleak teknologia zehatz bati buruz informatzeko asmoz. “Ekimenaren helburua teknologia bati buruzko orientazio zabala jaso ahal izatea da, eta baita parte hartzaileen eta enpresa hizlarien arteko hartu emana erraztea”, azaldu dute.
3D teknologia erabilita egindako janaria. Argazkia: Leartiker
Oraingo honetan topaketa 3D inprimatzeak elikadura arloan dituen erabileretan zentratuko da. Jose Javier Egurrola Leartikerreko Polimeroen Teknologia saileko zuzendariak hasiko du ekitaldia aurkezpen labur bategaz, eta horren ostean, Leartiker Polimeroen Teknologiako kideek plastikoen alorreko 3D inprimatzea aurkeztuko dute. “Teknologia horretara hurbildu eta kasu arrakastatsuak eta teknologia honen garapenak dituen aukera ezberdinak azalduko dira”.
Ondoren, Naia Andonegi Leartikerreko Elikagaien Teknologia saileko arduradunak elikagaien 3D inprimatzearen alorrari helduko dio, eta bera ere kasu arrakastatsuez eta praktika horren garapenak dituen aukerez ariko da.
Leartikerrekoek azaldu dutenez, jardunaldiak irauten duen bitartean bi inprimagailu egongo dira une oro inprimatzen, bata plastikoarena eta beste bat janariarena, eta ikusleek 3D inprimatzearen prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.
Jardunaldian parte hartu nahi dutenek www.leartiker.com webgunean eman behar dute izena.