Adin txikikoen gaztazketan zelan parte hartu azalduko dute Mutrikun, gurasoentzako heziketa saio baten bidez
Mutrikuko Herri Koordinazio Sareak antolatuta, gurasoei zuzenduriko Helduen eskuhartzea adin txikikoen arteko gatazketan heziketa saioa egingo da bihar [otsailak 16], 18:30ean hasita, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Antolatzaileek iragarri dutenez, saio irekia izango da, eta bertan parte hartu ahal izateko ez da aurretik izena eman behar.
Adierazi dutenez, Segurtasun Saileko kideak arduratuko dira ordu eta erdi iraungo duen saioaz. “Aurkezpena eta proiekzioa euskaraz izango dira. Azalpenak, berriz, gazteleraz emango dituzte”.
Saio gehiago. Udal gobernuko ordezkariek, udal langile eta teknikariek, kale hezitzaileek, herriko hiru ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, Segurtasun Sailak eta Mutrikuko Osasun Zentroko langileez osatutako lan taldea da, hain zuzen ere, Herriko Koordinazio Sarea.
Orain gutxi sortu da taldea, eta aurrera begira beste hainbat heziketa saio antolatuko dituztela nabarmendu dute. Azaldu dutenez, saioak hiru ataletan banatuta egingo dira; alde batetik, herriko hezitzaile formal eta ez formalei zuzendutakoak, bestetik, haurrei eta gazteei zuzendutakoak, eta azkenik, gurasoei zuzendutakoak. “Hurrengo ekintzetan, hainbat gai aztertu eta heziketa saioak antolatzeko asmoa dugu, beti ere, umeak zein gazteak ardatz hartuta”.