SOS Antxustegi plataformako kideek jakitera eman dutenez,
Antxustegi atuonontzi ondarrutarra berreskuratzeko lehen faseagaz hasi da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Antxustegitarrek nabarmendu dutenez, oraingoz, ontzia egonkortzeko lanetan dabiltza.
Lanak aurreko hilean hasi ziren, eta Antxustegitarrek azaldu dutenez,
begi onez ikusten dute museoaren patronatuak hartutako erabakia. “Ontzia egonkortzen hastea guretzako gauza handia da. Pozik gaude, baina zer egingo duten adi jarraitzen dugu. Lau urte baino gehiago ontzia konpontzeko eskaera egiten ibili ostean, hasiera bat dela iruditzen zaigu. Gutxienez, ontzia berreskuratzeko proiektu bat dago mahai gainean, eta hori gauzatzen hasi dira”.
Museoak ibaixkako aroztegia deritzona sortu du, garai batean egiten zen antzera eskulangintza erabilita, ontziak berreskuratu, eta galtzear dagoen lanbidea bera ere berreskuratzeko. Erabakia patronatuak
aho batez onartu zuen, eta proiektu horregaz, hain zuzen ere, museoari “bizitasuna” eman nahi diote. Antxustegitarrek jakin dutenaren arabera,
Antxustegi eta beste ontzi batzuen berreskuratzea plan horren barruan sartzen dira. “Horien artean
Antxustegi-k lehentasuna duela esan digute”.
Antxustegi hainbat euskarrigaz. Argazkia: SOS Antxustegi
Atunontzi ondarrutarraren berreskuratzeari dagokionez,
faseka konponko dute. Ontzia dagoen egoeran ikusita, gainera, dagoen tokian bertan berriztatzea erabaki du patronatuak –mugitzen bada, apurtzeko arrisku handia du–. “Zaharberritzean adituak direnek zatika konponduko dutela esan digute, urte bakoitzerako duten aurrekontuaren arabera. Egia esan, eurek ere ez dakite ontzia konpontzeko zenbat denbora beharko duten, kalteak zenbaterainokoak diren jakin arte. Gure kalkuluen arabera, lau eta sei urte bitartean beharko dituzte”.
Lanak, berriz,
hiru fasetan egingo dira. Lehenengo fasean, ontzia egonkortu eta pisua krosko guztian zehar banatuko dute, eta horretarako pisua kenduko diote. “Ontziak pisu gehiena gila gainean eduki beharrean, hori banatzen saiatuko dira. Horrez gainera, ontzia eusteko, babesteko, eta, batez ere, ez jausteko, burdinezko euskarri batzuk ipiniko diotela esan digute”.
Bigarren fasean, berriz, kroskorari pisua kenduko diote. “Ontziaren bizkarretik ere pisua kendu beharko dela ere esan digute. Horretarako, bertan dagoen makinaria eta zubia kendu beharko dira, besteak beste. Kendutako pieza horiek, gainera, zaharberritu egin beharko dira”. Eta, azkenik, gainegiturako bizkarra jarriko diote ontziari, eguralditik babesteko, oro har.
Epaiaren zain. SOS Antxustegi plataformako kideek, bestalde, ontzia kultura ondare izendatzeko
auzi eskea aurkeztu zuten Euskadiko Administrazio Auzitegian, 2016ko irailean. Antxustegitarrek jakitera eman dutenez, eskari horren auzi-errekurtsoa aurrera doa. “Epaiaren zain jarraitzen dugu”.