Lapurretan egin dute Mutrikuko hainbat tabernetan
Ertzaintzak jakitera eman duenez, Mutrikuko bi tabernetan lapurretan egin dute. Eta, horrez gain, beste taberna batean ere lapurretan egiten saiatu dira. Zehatz esanda, Aranzubi eta Goiti Behera tabernetan sartu dira lapurrak.
Herrizaingo sailak igorritako datuen arabera, 05:10ean jaso dute lehen abisua, Aranzubi tabernatik. “Dakigunaren arabera, auzoko batek eman du lapurretaren berri 05:00ak inguruan. Argia piztuta ikusi dute, eta bertatik hiru pertsona ikusi dituzte ihesean irtetzen. Jabea bertara ailegatu denean, Ertzaintzaren patruilak ate aurrean aurkitu ditu”, adierazi dute tabernako langileek. Baieztatu dutenaren arabera, lapurrak ate nagusitik sartu dira tabernara. “Burdin hesia apurtu eta ateko sarraila apurtuta aurkitu ditugu”. Gaineratu dutenez, tabako eta txanpon makina apurtu dituzte lapurrek, eta barruan zegoena ostu dute. “Ez dugu beste ezeren faltarik somatu”.
Goiti Behera tabernan, bestalde, tabako eta txanpon makinak hustu dituzte, eta horrez gain, kutxan zegoen dirua ere eraman dute. Goiti Beheran ere, ate nagusiko sarraila apurtuta sartu dira. “Lagun batek deitu digu tabernako atea zabalik zegoela, eta lapurretan egin digutela esaten. Auzokoen arabera, 04:00-05:00ak inguru horretan jendea kaletik sumatu dute”.
09:00etan Batzokiko taberna irekitzera joan direnean, aldiz, lapurretan egiten saiatu direla jabetu dira. “Atea indarrez irekitzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Hori bai, sarraila berria jarri beharko dugu, hondatuta utzi dute eta”. Herrian, bestalde, Etxekalte elkarte gastronomikoan ere ostu egin dutela zabaldu bada ere, elkarteko arduradunek hori gezurtatu diote HITZAri. Itxura guztien arabera, goizaldean izan dira lapurretak, eta Ertzaintzak nabarmendu dutenez, gertatutakoa ikertzen ari dira. Oraingoz, ez dago atxiloturik.