'Antxustegi' atunontzi ondarrutarra egonkortzeko lanak hasi dituzte Bilbon
Antxustegitarrek begi onez ikusten dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren patronatuak hartutako erabakia. Lanak aurreko hilean hasi zituzten. Egonkortze lanak hiru fasetan egingo dituzteSOS Antxustegi plataformako kideek jakitera eman dutenez, Antxus...
Antxustegitarrek begi onez ikusten dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren patronatuak hartutako erabakia. Lanak aurreko hilean hasi zituzten. Egonkortze lanak hiru fasetan egingo dituzte
SOS Antxustegi plataformako kideek jakitera eman dutenez, Antxustegi atuonontzi ondarrutarra berreskuratzeko lehen faseagaz hasi da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Antxustegitarrek nabarmendu dutenez, oraingoz, ontzia egonkortzeko lanetan dabiltza.Lanak aurreko hilabetan hasi zituzten, eta Antxustegitarrek azaldu dutenez, begi onez ikusten dute museoaren patronatuak hartutako erabakia. «Ontzia egonkortzen hastea guretzako gauza handia da. Pozik gau- de, baina zer egingo duten adi jarraitzen dugu. Lau urte baino gehiago daramatzagu ontzia konpontzeko eskaera egiten, eta hau hasiera baino ez dela iruditzen zaigu. Gutxienez, ontzia berreskuratzeko proiektu bat dago mahai gainean, eta hori gauzatzen hasi dira».
Museoak ibaixkako aroztegia deritzona sortu du, eta garai batean egiten zen antzera berreskuratuko dituzte ontziak eskulangintzaren teknika erabilita. Era berean, galtzear dagoen lanbidea bera ere berreskuratu nahi dute.
Erabakia patronatuak aho batez onartu zuen, eta proiektu horregaz, hain zuzen ere, museoari «bizitasuna» eman nahi diote. Antxustegitarrek jakin dutenaren arabera, Antxustegi eta beste ontzi batzuen berreskuratzea plan horren barruan sartzen dira. «Horien guztien artean Antxustegi-k lehentasuna daukala esan digute arduradunek».
Faseka
Atunontzi ondarrutarraren berreskuratzeari dagokionez, faseka konponduko dute. Ontziaren egoera ikusita, gainera, dagoen tokian bertan berriztatzea erabaki du patronatuak mugituz gero, apurtzeko arrisku handia legoke. «Zaharberritzean adituak direnek zatika konponduko dutela esan digute, urte bakoitzerako daukaten aurrekontuaren arabera. Egia esan, eurek ere ez dakite ontzia konpontzeko zenbat denbora beharko duten, kalteak zenbaterainokoak diren jakin arte. Gure kalkuluen arabera, lau eta sei urte bitartean beharko dituzte».
Lanak, berriz, hiru fasetan egingo dituzte. Lehenengo fasean, ontzia egonkortu eta pisua krosko guztian zehar banatuko dute, eta horretarako pisua kenduko diote. «Ontziak pisu gehiena gila gainean eduki beharrean, hori banatzen saiatuko dira. Horrez gainera, ontzia eusteko, babesteko, eta, batez ere, ez jausteko, burdinezko euskarri batzuk ipiniko diotela esan digute». Bigarren fasean, berriz, kroskorari pisua kenduko diote. «Ontziaren bizkarretik ere pisua kendu beharko dela esan digute. Horretarako, bertan dagoen makinaria eta zubia kendu beharko dira, besteak beste». Eta, azkenik, gainegiturako bizkarra jarriko diote ontziari, eguralditik babesteko.
SOS Antxustegiko kideek ontzia kultura ondare izendatzeko auzi eskea aurkeztu zuten Euskadiko Administrazio Auzitegian, 2016ko irailean. Jakitera eman dutenez, eskari horren auzi-errekurtsoa aurrera doa. «Epaiaren zain jarraitzen dugu».