Eliteko paleta txapelketaren finalerdietara heldu da Etxaniz
Orain arte jokatutako partida biak irabazi ditu etxebarritarrak, Nagore Martin bikote duela. Ligaxkako azken partida jokatuko dute etzi, Mañariko frontoian, 16:30eanLeire Etxaniz Bengoa etxebarritarra Euskal Herriko nesken gomazko paletako elite maila...
Orain arte jokatutako partida biak irabazi ditu etxebarritarrak, Nagore Martin bikote duela. Ligaxkako azken partida jokatuko dute etzi, Mañariko frontoian, 16:30ean
Leire Etxaniz Bengoa etxebarritarra Euskal Herriko nesken gomazko paletako elite mailako txapelketaren finalerdietarako sailkatu da.Nagore Martin gaur egungo nesken gomazko paletako txapeldunagaz batera, orain arte jokatutako bi jardunaldiak irabazi ditu, eta tantoen aldea 32 baino gehiagokoa izanik, ziurtatuta daukate sailkapeneko lehen edo bigarren postuan gelditzea.
Agirre eta Agirreren kontrako lehen partida 25 eta 8 irabazi zuten Etxanizek eta Martinek, eta joan den zapatuan ere daukaten kalitate handia erakutsi zuten Mallabian, Murillori eta Arrietari 10 eta 25 irabazita.
Aristorena eta Huizi izango dituzte aurkari, berriz, etzi. Aristorenak eta Huizik bere lehenengo puntua lortu zuten joan den zapatuan, Garmendia eta Agirre 20 eta 25 menderatuta, eta bigarren daude sailkapenean.
Mallabiko pilotalekuan beste ekitaldi bat dagoela eta, Euskal Herriko Elite mailako Gomazko Paleta Txapelketaren ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia Mañarian jokatuko dela jakitera eman du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak. 16:30ean dute jokatzeko ordua Etxanizek eta Martinek.
Zazpi bikote
Otsailaren 4an hasi zen Nesken Gomazko Paletazko Elite txapelketa. Iaz Nagore Martinek eta Garazi Eizmendik eskuratu zuten titulua, eta aurten zazpi bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta.
A multzoan daude Martin eta Etxaniz, Garmendia eta Agirre, Aristorena eta Huizi eta Murillo eta Arrieta. B multzoan, berriz, Muneta eta Eizmendi, Agirrezabala eta Mendizabal eta Irazustabarrena eta Ruiz de Larramendi ari dira.
Txapelketa sistema buelta bakarreko ligaxkakoa izango da, eta multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak otsailaren 25erako iragarrita dauden finalerdietan sartuko dira. Final handia, ostera, martxoaren 4an jokatuko dute.