Oinez, bizikletaz eta autoz ailegatu dira Berriatura gaur [otsailak 18, zapatua] eskualde osoko herritarrak 12:30ak orduko. Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu dute maiatzaren 7an herri galdeketa egiteko sinadurak lortu izana. Giro ederrean aldarrikatu dute Ispasterrek hasitako bideari jarraipena emango diotela.
Xabat Galletebeitia eta Iratxe Ibarrak bertsotan bildu dituzte GED-ren egitekoa eta nahia, herritarren desio eta ahaleginak. Saioa Lopez eta Asier Txakartegi igo dira oholtzara ondoren. Herriz herri lorturiko sinadura kopuruaren berri eman dute. “2.316 sinadura behar ditugu galdeketa antolatu ahal izateko, eta zenbat lortu ditugu? 5.259 sinadura! Bai. Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du Lea-Artibain erabaki egin nahi dugula. Lea-Artiban ere erabaki egingo dugula!”.
2014ko giza kate erraldoia, 2015ean jositako milaka oihal eta Euskal Herriko estadioetan eginiko ekimenak gogoan, ez dagoela atzera bueltarik esan dute: “Olatu gainean gaude. Geure esku dago, eta Lea-Artibain ere erabaki egingo dugu. Herri guztietan, eskualde guztian erabakiko dugu, Ilusioa eta gogoa gainezka dauzkagu!”.
Saioa Lopez eta Asier Txakartegi
Adostasuna lortzeko sasoia. Beharrezko sinadurak lortu ostean, Lea-Artibai mailan galdera bat adostuko du GED-k, herriz herri lehenengo, eta eskualde mailan ostean. Herritarrak izango dira bidea egingo dutenak, galdera adostuko dutenak. Eta maiatzaren 7an erabakiko dutenak. “Abenduaren 11n Lekeition elkartu ginen, eta harrez gero, ehuntzen ibili gara. Primeran ehundu ere!”. Horretxen adierazgarri da Lekeitioko agerraltdi hartatik gaurko honetara egindako bidea. “Herritarren borondatea eta babesa batu ditugu, eta orain, beste pauso bat eman nahi dugu”. Horretarako, galdera adosteko, “ehuntzen” jarraituko du GED-k, herritarrak batzen. “Atea zabalik dago ekimenera batu nahi duen guztiarentzat. Ekimen hau herritarrona da, zabala, sortzez eta izatez, eta geure esku dago hala izatea”, adierazi dute.
Erabaki egin nahi dugu” Demokrazioa horixe ez da ba! Herritarron sasoia da”.
1931 urtea ekarri dute gogora, Gernikan udal ordezkariak batu zirenekoa. Orduan, Bermeo, Getxo, Elorrio eta Mundakako alkateen deiari erantzunda elkartu ziren. Egun batzuk lehenago eratu zituzten udalak. “Getxokoa, esaterako, apirilaren 4an. Jose Antonio Agirre aukeratu zuten alkate. Agirrek euskal errepublika aldarrikatu zuen, eta halan egiteko deia egin zien gainerako udalei. Gaur herritarrak batu gara Berriatuan. Eta herritarrak batzen gabiltza Euskal Herrian zehar. Erabaki egin nahi dugu” Demokrazioa horixe ez da ba! Herritarron sasoia da”.
HERRIZ HERRI LORTUTAKO SINADURAK-Amoroto: 81 (%22,82)
-Aulesti: 281 (%49,82)
-Berriatua: 261 (%25,69)
-Etxebarria: 311 (%46,56)
-Gizaburuaga: 92 (%55,42)
-Lekeitio: 1.673 (%27,34)
-Markina-Xemein: 887 (%21,28)
-Mendexa: 179 (%45,32)
-Munitibar: 147 (%33,22)
-Ondarroa: 1.219 (%16,29)
-Ziortza-Bolibar: 128 (%34,32)
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.