40 herritar inguru bildu dira gaur [otsailak 18, zapatua], 11:00ak aldera parkean, eta Hirideak taldeko dinamizatzaileen laguntzagaz parkeak eskaintzen dituen
aukerak eta mugak ezagutu eta iritziak eman ahal izan dituzte.
Kamiñazpiko parkean Ondarroako Udalak abiatu duen parte hartze prozesua adin guztietako erabiltzaileei zuzendutakoa izanik, gazte eta helduek ez eze,
umeek ere parte hartu dute dinamikan. Bi taldetan banatuta aritu dira; umeek jolasen bitartez irudikatu dute beraien ametsetako parkea. Amaieran, talde bien nahi eta proposamenak partekatu dituzte.
Zubi Zahar herri ikastolan jaso dituzte azalpenak. Argazkia: Ondarroako Udala
Prozesuak sei hilabeteko iraupena izango du. Herritarrekin batera parkeko egitura berria diseinatzeko beste hiru saio egingo dira, martxoaren 4an eta 18an eta apirilaren 8an. Saio horiei jarraipena egiteko udal teknikari eta auzotarrez osatutako batzorde bat ere egongo da, prozesuaren aurkezpenean
Ianire de Andres Hirideak lan taldeko kide eta proiektuaren arduradunak azaldu zuen legez.
Parte hartzeko deia. Udalak herritarrak animatu nahi ditu datozen lan saiotan parte har dezaten: ‘Guk gure aldetik herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, bakoitzak bere iritzia eman dezala, bere nahiak adierazi eta premiak azaleratu. Proiektu berrian kontuan hartuko dira prozesuan herritarrek egindako ekarpenak’.