XVII. Urrezko binakako aizkolari txapelketa-Eusko label sariaren finalerako txartela lortu dute Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Aitzol Atutxa dimoztarrak. Txapelketaren azken hiru urteotako irabazleek, hala,
laugarren finala jokatuko dute martxoaren 5ean Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan, Iker Vicentek eta Ruben Saralegik osatutako bikotearen eta Xabier Orbegozo
Arria V.aren eta Joseba Otaegiren aurka. Hiru bikoteak oso itxura ona emanda ailegatu dira finalera, eta lehia ziurtatutako dagoela diote adituek.
Mugertza II.ak eta Atutxa II.ak, hain zuzen ere, domekan [otsailak 19] Juanjo Lopez Azpilikuetaren eta Eneko Otañoren aurka Oñatin jokatutako finalaurrekoa irabazita lortu dute finalerako txartela.
Finalerdi bikaina jokatu zuten, eta lanak amaitzeko 21 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten; bigarren sailkatuek baino minutu 1 eta 5 segundo gutxiago –22 minutu eta 33 segundoko marka ezarri zuten Azpilikuetak eta Otañok–.
Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza, finalerdia jokatu eta gero. Argazkia: Egursport
Aizkolari mutrikuarra
pozik agertu da finalerako txartela lortu ondoren. Adierazi duenez, asko zegoen jokoan, eta hasierako probetan lortutako minutu 1 eta 29 segundoko abantailari esker irabazi zuten norgehiagoka. “Lehenengo lau probatan aurretik ibili ginen, eta hor lortutako abantaila oso lagungarria izan genuen. Egia esan, segundo horiek asko balio dute, eta eskerrak segundo horiei, garaipena lortu genuen”.
Gaineratu duenez, lan erdian
nahikoa arazo izan zituzten enborrek zituzten adarrekin. “Bukaeran, zorte oso txarra izan genuen, sei enborretik guztiak adarrez beteta egon ziren eta. Horrelakoak askotan gertatzen dira; zozketa bidez hainbeste adar tokatu zitzaizkigun, eta ez ginen gustura ibili. Nik, esaterako, oso gaizki pasatu nuen, eta asko sufritu ere. Aurkariak gerturatzen ikusi nituen, eta oso urduri ipini nintzen. Eskerrak aurretik denbora tarte txiki bat pilatuta genuen; izan ere, ez genuen ezertarako tarterik eduki”.