Ligaxkako azken partida jokatu zuten atzo [otsailak 19] , Lekeitioko trinketean, eta lehen postua erabakita gelditu zen. Alde batetik,
Astigarraga eta Egaña partidarik galdu barik zegozen, eta bestetik,
Telleria eta Conde bakarra galduta, beraz, espero bezain bizia izan zen atzoko partida.
Telleria mallabiarrak eta Conde elgoibartarrak serio hasi zuten partida, eta ondorioz markagailuan aurretik eta agintzen joan ziren 20 eta 16 tantora arte. Orduan ailegatu zen Astigarraga eta Egañaren susperraldia. Astigarragaren sakeari esker 20 eta 22 jarri ziren aurretik debarra eta mendarotarra, eta bazirudien txapelketako beteranoenak eta gazteenak partidarik galdu barik amaitu behar zutela txapelketa. Baina, Telleriak partiduaren pisua beregan hartu zuen, eta ezker erremate indartsuari esker, partidari buelta ematea lortu eta 30 tantora arte gelditu barik joan zen aurrera markagailuan Telleriak eta Condek osatutako bikotea.
30 eta 22 irabazi zuten.
“Emaitza horregaz, bikote biak berdinduta gelditzen ziren ligaxkan, eta azken aurrekoak erabakitzeko, berdinketa hautsi beharra zegoen”, azaldu dute txapelketako antolatzaileek. Beraz, partida berria segituan jokatzea erabaki zuten, 22 tantora.
Egaña eta Astigarraga pilotariak. Argazkia: Beteranoen Binakako Esku Pilota TxapelketaEgaña eta Astigarraga pilotariak. Argazkia: Beteranoen Binakako Esku Pilota Txapelketa
Emozioa gainezka egon zen, beraz, azkenera arte. Astigarragak sakeaz baliatuz eta atzea ondo zainduta, eta Egaña indartsu bategaz lagunduta, partida bere alde jartzea lortu zuen. Horrela, 22 eta 18 irabazi zuten debarrak eta mendarotarrak. “Oraingoan Telleria eta Conderen ahaleginak hutsean gelditu ziren”, esan dute antolatzaileek.
Azken aurrekoak. Gauzak horrela, datorren domeka bietan, otsailak 26 eta martxoak 5, jokatuko dira azken aurrekoak.
Otsailaren 26an,
10:00etan, Telleria eta Conderen eta Beraza eta Etxebarriaren arteko norgehiagoka jokatuko da, eta dema polita izan daitekeela aurreikusten dute antolatzaileek. “Edozer gerta liteke partida horretan, ligaxkan neurria hartu ondoren, elgoibartarrek errez gainditu zituzten-eta Telleria eta Conde”.
11:00etan, berriz, Moral eta Laka bikotearen eta Astigarraga eta Egaña bikotearen arteko partida jokatuko da. Partida hori, seguruenik aurrean erabakiko dela diote antolatzaileek. “Naiz eta Astigarraga eta Egaña faboritoak izan, lekkeitiarrak eta mendexarrak etxean jokatzen dute, eta egun borobila badaukate, edonori aurre egiteko gai dira”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azken aurrekoak
bi partidatara jokatu behar dira, eta finalera heltzeko biak irabazi behar dira. “Berdinketa egonez gero, hirugarren partida erabakigarri bat jokatu beharko da martxoaren 26an, finalistak izendatzeko”.
Conde, Telleria, Astigarraga eta Egaña Izarra epailea erdian dutela. Argazkia: Beteranoen Binakako Esku Pilota Txapelketa