Zerutxu dantza taldearen eskutik, zapatuan [otsailak 25], Lantzeko inauteriak plazaratuko dituzte herritarrek, eta kalejirarako dantzak ikasi eta koloreetako zintekin txapelak prestatzen aritu ziren joan den zapatu gozean [otsailak 18], Uhagon kulturguneko lehen solairuan. Eskuak goian eta oinak astinduz, “aratusteei kolorea ematen” hasi ziren ume, gazte eta nagusiak.
Gaztetxoak Lantzeko inauterietarako txapelak prestatzen. Argazkia: Zerutxu Dantza Taldea
Xemeindik irtengo da kalejira zapatuan. 17:45etan jarri du Zerutxuk elkartzeko ordua, eta
18:00etan abiatuko dela kalejira aurreratu dute. Xemein etorbide osoa dantzan zeharkatu ondoren, Artibai kaletik joango dira, gero, osteko kalea igaro eta udaletxearen ostetik pasatuta Frai Bartolome Plazara heltzeko. Iturritxu kaletik igo ondoren, Goiko Portalerantz joango dira kalejirako dantzariak, jaia eta giroa alde zaharrean ere zabaltzeko.
Ume eta gazteak dantzak entsegatzen. Argazkia: Zerutxu Dantza Taldea