Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak araztegia eraikiko du Munitibarren
Udalerriko saneamendua egokitzeko Hondakin Uraren Araztegia eraikitzea eta hari kolektore nagusia gehitzea “ezinbestekoa” dela zehaztu dute partzuergoko ordezkariek.
Lanak maiatzean esleitzea aurreikusi dute, eta gero, lanen ardura hartzen duen enpresak zazpi hilabete izango ditu proiektua egiteko. Ondoren, hamazortzi hilabeteko epea edukiko du lanok burutzeko. Horrela, 2019ko udan martxan egotea da partzuergoaren helburua.
Proiektuak biltzen dituen lanetarako 3.456.371 euroko aurrekontua ezarri du ur partzuergoak (BEZik gabe). Herriko ur zikinei tratamendu egokia emateagaz batera, Lea ibaira ur garbia isurtzea ahalbidetuko du araztegiak. Horrela, indarrean dauden ur isurketen baldintza teknikoak zein ingurumen arlokoak beteko ditu.
Izan ere, gaur egun duten kolektore sareak putzu septiko bakarrera bideratzen du ura, eta haren arazte gaitasuna urria dela jakitera eman dute. Ondorioz, ez da egokitzen ur indarrean dauden isurketen eskakizun eta beharrizanetara.
Ur Hondakinen Ponpatze-Estazio egingo dute, eta ura handik bideratuko dute araztegira. Ur hondakinak araztegira heltzean, tratamendu biologikoa emango diote.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, gaur egun 408 biztanle daude ur saneamentuen sarera konektatuta, eta araztegiak 506 biztanleri zerbitzua emateko aukera eskainiko du. Gaur egun, batez besteko emaria 1,49 litro/segundokoa da (orduko 5,36 metro kubo), eta lanen ostean, 1,89 litro/segundoko (orduko 6,80 metro kubo) izatea aurreikusi du partzuergoak.