Goizaldean zabaldu da antxoa kostera, eta lehen aleak ere gaur [martxoak 1] bertan ikusi ahal izan dira euskal portuetan. Ondarroan, esate baterako, 08:30ean jo du turrunak. Eta hiru turrun entzun ostean, asko izan dira portura gerturatu diren herritarrak ere.
Kofradiak igorritako datuen arabera, 2.300 kaxa – 18.400 kilo inguru– lehorreratu dituzte lau baxurako ontzik. Antxoa porturatzen lehenak Abra de Agiño ontziko marinelak izan dira. Galiziako arrantzaleek, zehatz esanda, 600 bat kaxa antxoa deskargatu dituzte 09:20ean Egidazu kaian. Ikusmin handia sortu dute denboraldiko lehen aleek, eta bentalekua ere jendez bete-bete eginda egon da.
10:00etan egin da lehen benta, eta bertan nahikoa antxoa gaztea saldu da; kiloko 60 eta 62 ale bitarteko tamaina eduki dute lehendabizi saldu diren arrain sortek. Llorente arrain erosleak erosi ditu denboraldiko lehen antxoa aleak. Zehatz esanda, 120 kaxa erosi dituzte, eta kiloa 5,78 euroan ordaindu dute. “Freskorako salduko dugu, eta gehiena, Euskal Herrian merkaturatzeko asmoa dugu”, azaldu dute erosleek. Lehen bentako alerik merkeenak, berriz, 5,28an saldu dira.
‘Abra do Agiño’ ontziko marinelak, lehenengo antxoa aleekin
Lehen benta egin baino minutu batzuk arinago, berriz, Nuevo Hermanos Cortabitarte baxurako ontzia porturatu da, 09:50ean. Kantabriarrek ia 100 kaxa antxoa deskargatu dituzte. 10:15ean, ostera, Nuevo Libe porturatu da beste 500 kaxagaz. Santoñarrek arrain handiagoa arrantzatu baldin badute ere –kiloan 49 alekoa– bentan ez da garestiago ordaindu. Alerik garestienak 4,54euroan saldu dira, eta merkeenak, 4,13an. Ruben Trueba Nuevo Libe-ko patroiak adierazi duenez, goizaldean itsasoratu dira, 02:00ak aldean. “Kosterako lehen egunean antxoa harrapatzeko aukera edukitzea ona izan da. Elantxobe inguruan ibili gara arrantzan, eta antxoaz gain, sarbu ale batzuk ere harrapatu ditugu, ezustean”.
Nuevo Panelo Villa, azkenik, 11:00etan porturatu da. 1.100 kaxa lehorreratu dituzte laredotarrek, baina antxoa sardinagaz nahastean etorri denez, oso merke saldu da; 2,50 euro inguruan.
Bi gunetan. Gaur, oro har, kopuru aldetik antxoa askorik egon ez baldin bada ere, kanpaina hasteko kopuru polita dela adierazi dute Ondarroako kofradiako arduradunek. “Egia esan, baxurako ontzi gutxi dabiltza arrantzan. Asko jota, dozena bat”.
Bi gunetan harrapatu dute antxoa, gainera. Batzuk Elantxobe parean harrapatu dute arraina, eta besteek, bestalde, Donostia parean. Bizkaiko uretan arrantzatutako aleak zer edo zer handiagoak izan dira, kiloan 50 ale ingurukoak, eta Gipuzkoako uretakoak, berriz, txikiagoak, 60 ale bueltakoak. Sorta gehienak, gainera, sardina nahastean etorri dira. Sardina, bestalde, nahikoa ondo saldu da bentan, ohi baino garestiago; kiloa, 1,40 euro inguruan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.