Emakumeen eskubideen aldeko borroka gogora ekartzeko efemeridea hurbiltzen hasia den honetan, heldutako barne-kanpo eztabaida horietako bat plazaratzeko tartean kokatuz. Zuzenki: nor da borroka horren subjektu politiko? Emakume gara, baina bagara emakume eta langile, migrante, ikasle, jubilatu, beltz, euskaradun… eta konta ezinezko aldagai gurutzaketen emaitza posibleak. Bada, nola izendatu? Zeinen nazioarteko eguna da Martxoaren 8a?
Subjektu politikoen eraikuntza, auzi politikoa da –zentzu zabalean-. Subjektu hau, ez litzateke hainbeste botere inertziak soilik birsortzen dituen ni (gu) naizenaren eraikuntza hermetikoa, baizik eta bizitzaren aldeko aldaketa politikarako tresna.
Eta ideala den heinean, abstraktutasunean izango du bere zentzua, definizioaren ariketan testuinguruaren araberako jendarte aktore, errealitate, aldarrikapen eta borroka zilegiak sortuz, eta halabeharrez –askotan inkontzienteki– beste batzuk zeharka baztertuz. Zilegitasun mekanismo hauen gaineko ezjakintasun boluntarioa injustua da oso.
Hein berean, bazterreko eztabaida sozialen ondoriozko eraldaketek, subjektu ireki eta dinamikoen bizitza norabidea zehaztu izan dute historikoki. Hala, hasiera bateko sufragioaren aldeko emakume burgesen protagonismo osoaren eszenara, emakume langileen lan ordu justu eta lan sarien aldarrikapenak txertatu ziren, eta soroetako emakume langile beltzen aldarrikapenak ere bai; eta gaurkotasun gehiagoz, aniztasun funtzional, gorputz disidente, sexualitate anitzak… emakume subjektua eraldatuz, aberastuz.
Hortaz, subjektu idealek bere horretan beharkoa lukete izan, islatu nahi dituzten aktore errealen bizitzak bezainbesteko aniztasunaren gune –baldin eta tresna faktiko egokiak izan nahi badute–. Egiturazko zapalkuntzen elkarreraginaren ondoriozko posizioekiko eraldaketa sozialaren borroka tresna: herri zapalkuntza, adin, jatorri, klase, sexualitate, gorputz… Eta erabiliko da identifikazio bat edo beste, edo bi edo hiru. Uztarketa da gakoa, subjektu politiko konplexu baten artikulazioa ahalbidetuz: elkargune, gatazka eta harremanek etengabe eraikiko duten subjektibitatea.
Hautua ondorengoa da: argi dagoena da, baldin eta emakume langilearen egun gisa definitzeko erabaki estrategikoa hartzen bada, ezker ikuspegi batetik sistema kapitalistari kontrajarririk, lana beraren nozioaren gaineko ber-pentsatzea -honen erroetara joan eta irakurtzea- eta eztabaida beharrezkoa dela; langile identitatea, nozio ireki bezain tresna eraginkorra izan dadin. Gutxienez, beste idatzi oso baterako bezainbesteko eztabaida gaia. Oraingoz soilik baieztapen hau: Etxeko lan erreproduktiboei esker da posible ordaindutako lana.
Oraindik orain, emakume subjektua –izan munduko emakumeen borroken eguna, izan borroka feministaren eguna, hala egokitzat definitzen bada, edo ez– tresna eraldatzailea da. Transbertsalki barnebiltzen duen zapalkuntza anitzek eta, era berean, aldarrikatzen duen justizia sozialaren aldeko apustuak, beharrezko ezker begirada eta sakontasuna eskaintzen baitio lan bideari. Duela urte bete ikasitako hau: Etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko norabidea eztabaida sozial anitzen ondorioz zehazten joango gara. Prozesu honek eta honetan egingo gara herri.