Ander Lipus aktore markina-xemeindarrak parte hartzen du Artedrama (Bizkaia), Le Petit Theatre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) antzerki taldeek elkarlanean muntatu duten obran. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, jasoko dute saria Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Aurten saria 2.000 euro handituko da, eta, beraz, irabazleek
12.000 euro eta IƱigo Manterolaren eskultura bat jasoko dituzte. 10.000 euro orain eskuratuko dituzte, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2019. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eman beharko dute Donostian.
Francoren bilobari gutuna. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain, Dejabu Panpin Laborategia
Istorioak, eszenak eta erritmo narratiboa maisuki bideratuta dagoela azpimarratu du epaimahaiak. Horrez gain pertsonaien
karakterizazioa ezin egokiagoa dela esan dute. “Aktoreak pertsonaiak biluztu eta bakoitzaren intimitatean sartzen dira. Antzezlanaren hariari ere ondo eusten zaio eta ikuslea ez da galtzen nahiz eta hainbat pertsonaia eta istorio tartekatu”.
Hiru konpainiek elkarrekin egindako beste obra batek (Errautsak) saria irabazi zuen 2011n, eta haietariko bakoitzak ere jasoa du saria beste urte batzuetan. Ander Lipusek antzeztu zuen Huts Teatro konpainiaren
Publikoari gorroto antzerkiak XIII. Donostia Antzerki Saria irabazi zuen, esate baterako.
Ximun Fuchs antzerkigileak
Errautsak obra osatu zuen lantaldeari bidalitako mezu elektroniko bat da
Francoren bilobari gutuna-ren abiapuntua. Han proposamen bat egin zion taldeari, eta ideia hari tiraka idatzi zuten antzezlana Igor Elortzak eta Unai Iturriagak. Ximun Fuschek berak zuzendu du antzezlana, eta aktore lanetan aritu dira
Ander Lipus aktore markina-xemeindarra, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola.
Antzezlana urriaren 31n estreinatu zuten Luhuson, eta ordutik hona, kritika onak jaso ditu, bai adituen aldetik bai eta ere ikusleen aldetik ere. Obra Euskal Herriko antzoki gehienetan emateko asmoa daukate, eta
apirilaren 22an Aulestin ikusi ahalko da.