Kontu kontari erakutsi diote esker ona Xabier Amurizari
Solasaldi berezian batu dira Lea Ibarreko bizilagunak, Xabier Amurizari bihotz- bihotzez estimatzen dutela adierazteko. Bertsotan eta kantuan egin dute tartekaKontu batzuk esanaz, euren artean aztarna handia utzitako lagun bati esker ona adierazi nahi ...
Solasaldi berezian batu dira Lea Ibarreko bizilagunak, Xabier Amurizari bihotz- bihotzez estimatzen dutela adierazteko. Bertsotan eta kantuan egin dute tarteka
Kontu batzuk esanaz, euren artean aztarna handia utzitako lagun bati esker ona adierazi nahi izan diote Lea Ibarreko bizilagunek. Horretarako, Gizaburuagako udal aretoan batu ziren domeka arratsaldean, kontuak esan, gogoratu, eta batez ere, Xabier Amurizari bihotz bihotzez estimatzen dutela eta maite dutela esateko.Etxekoak, beragaz kartzelan egondako lagunak, seminarioko ikaskideak eta Lea Ibarreko lagun asko batu ziren solasaldira. Ez zioten beti-betiko omenaldi bat egin nahi izan. Beraz, ez zen oholtzarik ez eta formalismorik egon, bai, ordea, bizipenek ekarritako oroitzapen, umore eta momentu hunkigarri ugari.
Gizaburuagara abade etorri zeneko garaia, seminarioko sasoia, kartzelan egon zenekoa, bertsolaritzari egin dion ekarpena…, hainbat eta hainbat oroitzapen eta kontu azaleratu zituzten bost mahaitan jarrita egon ziren adiskide, ikaskide eta garai ezberdinetan beragaz hartu-emana izan zutenek era guztietako pasadizoekin lagunduta. Mahai batean jarrita egon ziren, esate baterako, 1969ko maiatzaren 30ean, Amurizagaz batera itxialdia eta gose greba egin, eta Elizari aurre egitea egotzita Zamorako kartzela berezian sartu zituzten Josu Naberan, Julen Kalzada eta Alberto Gabikagogeaskoa. Gogor taldeko abadeek kartzelatik ihes egiteko saiakera kontatu zuten.
Lea Ibarreko bizilagunek Amurizagaz izan zuten hartu-emana ez zela eten azpimarratu zuten, ez eta kartzelan eduki zutenean ere. Hainbat izan ziren amorotarrek eta gizaburuagatarrek bidali zizkioten gutun eta argazkiak. «Kartzelak ez zuen lortu Lea Ibarreko gazte eta nagusiek beragaz jositako haria eta elkartasuna etetea».
Urterik bizienak
Kartzelatik irtendakoan ere lotura horrek jarraitu egin zuen; herritarrei esker ona adierazteko asmoz, Amuriza etxerik etxe ibili zen «bere burua erakusten». Egun batzuk iraun behar zuen agurtze horrek ia bi hilabete iraun zituen, etxeetan harrera handia egiten zioten eta. «Hori izan zen kartzelatik irten ondorengo gauzarik hunkigarriena», esan zuen.
Solasaldian ez zen falta izan ez bertso ez eta kanturik ere. Bere alaba Miren Amurizak ere eskaini zion kantaldia.
Eta amaitzeko, opari modura, Aulestiko abesbatzeko eta orkestrako partaide batzuk Sabin Kortabitartek konposatutako kantu berezi bat eskaini zioten. «Orduan Xabier Amurizaren askatasuna ospatzeko balio zuenak, gure maitasuna eta esker ona adierazteko balio du gaur».
Lea Ibarran bizi zituenak bere bizitzako urterik bizienak eta garai ederrena izan zela adierazi zuen Xabier Amurizak: «Niretzako gauzarik pozgarrienetako bat da Gizaburuagako edo Amorotoko bateren bati entzutea, ‘zugaz pozik ibiltzen ginen, eta zu etortzeko desiatzen egoten ginen’».
Txalo zaparrada luze eta sentikorragaz amaitu zuten ekitaldia.