Uxu Ondarroako emakumeen taldea: 'Gora borroka feminista!'
Ve-la luz elkarte galiziarreko zortzi emakumek otsailaren 9an gose greba hasi zuten Madrilgo Puerta del Solen. Osasun arazoak direla eta, orain, lau emakumek jarraitzen dute gose greban, Espainiako Estatuak indarkeria matxistaren aurrean krisi mahaia osa dezan.
Azken finean, emakumeen aurkako indarkeriari lehentasuna eman eta neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dute. Horretarako, alderdi politikoek indarkeria matxistaren aurkako estatu itunerako 25 puntu proposatu dituzte. Besteak beste, feminizidioa kontzeptua onartzea, indarkeria matxistagatik zigortutako gizonek haien seme-alabekin harremanik ez izatea, eta epaiketak irauten duen bitartean emakumeen berrindartzeaz arduratzea.
1909. urtean sufragistek ere gose grebak egin zituzten kartzeletan zeuden bitartean, emakumeen boto eskubidea lortzeko. Izan ere, emakumeon bizitzak hobetu badira aurretik hainbat emakumek gaur egun ditugun eskubideen alde borrokatu dutelako izan da. Feminismoak gauzak aldatzeko antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla erakutsi digu.
Feminismoaren ezaugarri bat aniztasuna dela ukaezina da, era guztietako pentsakerak baitaude, aniztasuna aberastasuna izanez. Eta egia da, gai batzuetan ezadostasun sakonak daudela, baina matxismoari aurre egiteak batu egiten gaitu.
Horren adibide argia da Donald Trumpen aurkako Emakumeen Martxa (Women’s March). Emakumeek gidatutako mugimendu honek genero guztietako herritarrez gain, arraza, adin, kultura, erlijio, politika ikuskera eta jatorri orotakoak bildu ditu. Ehun talde baino gehiago daude horren atzean, eta ekintzaile feminista ezagun batzuk daude buruan: Angela Davis, Gloria Steinem, Jennifer Tucker, Winnie Wong eta beste asko eta asko.
Washingtonen 500.000 lagun inguru elkartu ziren. Munduko leku ugaritara zabaldu ziren Trumpen aurkako emakumeen martxak, besteak beste, Buenos Aires, Atenas, Tokio, Sidney, Bombay, Berlin…
Women’s Marchek dioenez, martxa lehen urratsa izango da komunitateak elkartzeko. «Eremu bat zabalduko dugu, harreman berriak egiteko eta elkarrekin ekiteko, aldaketa eragiteko maila eta alor guztietan. Ez gara geldituko berdintasuna lortu arte. Era baketsuan lan egingo dugu, benetako bakea justiziarik eta berdintasunik gabe ezinezkoa dela onartu bitartean».
–Alazne Artetxe Egaña. Uxu Ondarroako emakumeen taldearen izenean.