Mutrikuko Mendiz mendi hitzaldi eta proiekzio zikloa gaur hasiko da
Orain arteko formatuari jarraituz egingo dute hitzaldi zikloa. Zikloa martxoan izanik, emakumeei ere keinu egingo diete aurten. Gentzane Golzarrik estreinako hitzaldia emango duMendizaletasuna herritarrei gerturatzeko helburuarekin, Mendiz mendi emanal...
Orain arteko formatuari jarraituz egingo dute hitzaldi zikloa. Zikloa martxoan izanik, emakumeei ere keinu egingo diete aurten. Gentzane Golzarrik estreinako hitzaldia emango du
Mendizaletasuna herritarrei gerturatzeko helburuarekin, Mendiz mendi emanaldiak hartuko ditu Mutrikuk martxoan. Gaur hasiko den hitzaldi zikloa orain arteko formatuari jarraituz egingo dute; hau da, alpinismoari edo eskaladari buruzko hitzaldiak egingo dira, argazki proiekzioekin lagunduta.Antolatzaileek iragarri dutenez, maila goreneko alpinista eta eskalatzaileen esperientziak gertutik ezagutzeko aukera egongo da ordubete inguruko tartean, eta sarrera doakoa izango da; guztietan 19:30ean jarri dute hitzordua, Gaztetxean. Martxoa osoan lau emanaldi egingo dira, eta hortik bik emakumeak izango dituzte protagonista. «Hitzaldi zikloa martxoan dela ikusita, emakumeei ere keinu egin, eta eurei ere protagonismoa ematea erabaki dugu».
Emanaldiei dagokienez, horietan lehena Xabier Amorrortu Petra-k Mendian egindako slackline jarduna deritzon gaurkoa hitzaldia izango da. Petra slackline diziplinan aditua da, eta horri buruz ariko da.
Hitzaldia egin aurretik, gainera, slacline tailerra eta erakustaldia egingo dituzte Merkatu Plazan, 17:30etik aurrera. «Nahi duenak kirola probatzeko aukera ere edukiko du. Sorginerrekako kideok ere erakustaldia egingo dugu, eta Petra bera ere tartean egotea espero dugu».
Ez oso ezaguna
Martxoaren 16an, berriz, Emakume alpinista baten bizipenak proiekzioa eskainiko du Gentzane Golzarri Gentzi-k. «Gentzane guretzako idolo eta erreferente bat da eskalada munduan. Baina, tamalez, bere lana ez da oso ezaguna Euskal Herri mailan. Ez du jendaurrean hitzaldirik ematen, baina salbuespen modura, Mutrikun emanaldia ematera animatu dugu».
Martxoaren 17an, ostera, Mendia nire jolastokia hitzaldia eskainiko du Marina Fernandez madrildarrak. Hitzaldi zikloa martxoaren 23an amaituko da Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundiren Eskalada basatiak Turkian proiekzioarekin. «Turkian horma-eta ezagutzen ibili dira, eta bertan egin dituzten hainbat eskaladen irudiekin etorriko dira».