Bizkaiko Foru Aldundiaren Bostongo proiektuan parte hartu du Berriatuko Cikautxo kooperatibak
Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaiko unibertsitate, enpresa eta teknologia zentroak Bostonen egon dira nazioarte mailan erreferentea den ekintzailetza-ekosistema batean sakontzeko. Ekitaldia foru erakundeak antolatu du, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatu Imanol Pradalesen bitartez. Cikautxogaz batera egon dira Bostonen, Euskaltel, Velatia, Cie Automotive eta RETA enpresak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea, eta Tecnalia eta IK4 teknologia zentroak.
Bidaiaren helburua Bizkaiak Bostoneko ekintzailetza ekosistema ezagutzea eta unibertsitate eta teknologia zentroen arteko teknologia transferentziarako eredu eta dinamiketan sakontzea dela azaldu du Imanol Pradales diputatuak. “Boston bere unibertsitateetatik eta teknologia-zentroetatik sortzen diren startup kopuru handiagatik nabarmentzen da, bai eta ezagutza-zentroen eta enpresen arteko interakzio handiagatik ere”. Eta lotura horietan sakondu nahi dute. “Funtsezkoa delako ezagutzaren, teknologiaren eta enpresa-sarearen artean interakzioa egotea, enpresa berritzaileak sortu eta garatu daitezen”.
Bizkaiko ordezkaritzak azeleragailu, inkubagailu eta aholkularitzako eredu desberdinak ezagutzeko aukera izan du; gainera, topaketak egin dituzte inbertitzaileekin, startup berrien finantzazio-bideak ezagutzeko.