Horixe da, hain zuzen ere, aurtengo berrikuntza: lanen luzera. Izan ere, gaia librea bada ere, gehienez ere
100 hitzeko kontakizunak jasoko dira lehiaketan. Lanak
apirilaren 12rako aurkeztu behar dira. Eta horretarako, posta arruntez (Mutrikuko Udala-Kultura Batzordea, Txurruka plaza z/g, 20830) edo posta elektronikoz bidaltzeko aukera luzatu dute (
kultura@mutriku.net).
Jakitera eman dutenez, lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile
bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu. “Hori bai, lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira”.
Sariak. Hiru sari banatuko dira: 18 urtetik gorakoen arteko lan onena (500 euro), mutrikuarren arteko lan onena (250 euro) eta 18 urtetik beherakoen arteko lan onena (150 euro). “Egile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du”.
Lehiaketa Mutrikuko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatuta dagoenez, epaimahaia ere batzorde horrek aukeratuko duela jakitera eman dute. “Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da”. Halaber, lehiaketara aurkezten diren lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe geratu ahal litezkela aurreratu dute. Eta saritzen diren lanak argitaratzeko eskubidea Mutrikuko Udalarena izango da, egileen izenak aipatuta beti ere.
Lanak aurkezteko modua:
- Posta arruntez bidaltzekotan, idazlanak izenburua eta egilearen ezizena izango ditu agerian; ezin da egilearen izenik aipatu. Idazlanarekin batera, baina beste gutunazal itxi batean, egilearen datu pertsonalak agertuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta elektronikoa, telefono zenbakia, sinadura eta nortasun agiriaren kopia bat.
- Posta elektronikoz bidaltzekotan, bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi beharko zaizkio: batean, idazlana goitizenez sinatuta; bestean, egilearen datu guztiak, nortasun agiria barne.