Apirilaren 1etik aurrera aurkeztu ahal dira ipuin eta marrazki lehiaketako lanak
Herritarrek apirilaren 21era arte aurkeztu ahal dituzte lanak, liburutegian. Kategoria bakoitzarentzako baldintzak ipini dituzte. Sariak San Gregorio jaietan banatuko dituzteBerriatuko Udalak antolatuta, aurten bigarrenez egingo da Ipuin eta Marrazki L...
Herritarrek apirilaren 21era arte aurkeztu ahal dituzte lanak, liburutegian. Kategoria bakoitzarentzako baldintzak ipini dituzte. Sariak San Gregorio jaietan banatuko dituzte
Berriatuko Udalak antolatuta, aurten bigarrenez egingo da Ipuin eta Marrazki Lehiaketa. Eta horretan parte hartu nahi dutenek apirilaren 1etik 21era arte aurkeztu beharko dituzte euren lanak, herriko liburutegian.Aurreratu dutenez, gaia librea izango da, eta herritar bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal ditu. Hori bai, modalitate bakoitzeko sari bakarra jaso ahal izango da.
Aurkezteko modua
Aurkezten diren lan guztiak izenik gabe aurkeztu behar direla esan dute. «Jasotzerakoan zenbaki bat jarriko zaie, eta egilearen izen-abizenak hartuko dira».
Sari banaketa San Gregorio jaien inguruan maiatzean egingo dela aurreratu dute. Hori bai, inor ez da esku hutsik geratuko. Izan ere, parte hartzaile guztiek diploma bat jasoko dutela esan dute. «Horrez gain, lehiaketara aurkezten diren marrazki eta ipuin guztiak ikusgai jarri eta bilduma batean jasoko dira».
Epaimahaia udaleko ordezkari batek, liburuzainak eta hiru herritarrek osatuko dutela argitu dute.
Oinarriak
Marrazki lehiaketara aurkezten diren lanak Din A-3 tamainako edozein euskarritan aurkeztu behar dira. Teknika librea dela azaldu dute; edozein material erabili ahal da. Kategoria horretan hiru sari banatuko dituzte: 5-7 urte mailako onena (10 euroko erosketa txartela), 8-11 urte mailako onena (20 euroko erosketa txartela) eta 12-14 urte mailako onena (30 euroko erosketa txartela).
Ipuin lehiaketara aurkezten diren lanei dagokienez, euskaraz (bizkaieraz edo batuaz) idatzita egon behar dute, eta horiek Din A-4 orrian aurkeztu behar dira, Times New Roman letragaz (letra tamaina 12, lerro arteko neurria 1,5). Horretan ere hiru sari banatuko dira: 8-12 tarteko onena (30 euroko erosketa txartela), 13-15 tartekoa (40 euroko txartela) eta 16 urtetik gorakoena (150 euro).
Adin tartearen arabera, gainera, ipuinek eduki behar duten gutxieneko luzera ere ezberdina da. Hala, 8-12 urte bitartekoek gutxienez orri bat idatzi beharko dute, 13-15 urte bitartekoak gutxienez bi orri eta 16 urtetik gorakoek, gutxienez hiru orri.