Berriatuako 3. sektoreko lan mahai deitu dute
Berriatuako 3. sektoreko lan mahaia eguenean (hilak 23) bilduko da. Berriatuako udalak udalerriko garapen ekonomikoa lantzeari ekin dio, eta plagintza bat zehazteko Lea Artibai Garapen Agentziaren laguntza dauka.
Iaz herritarrekin hasitako parte hartze prozesuaren barruan, Berriatuako garapen ekonomikoa aztertzea ezinbestekoa zela ikusi zuten, eta horren ondorio da orain esku artean duten jarduna.
Gaiaren hausnarketa sakona eginda, arazoak, ahuleziak eta indarguneak identifikatu eta horiei irtenbidea topatzea dute helburu.
“Lehenengo pausoa hausnarketa egitea da, eta sektore guztiekin diagnostikoa egitea. Ondoren, ekintzak planteatuko dira, dauden beharren arabera udalak zein sektoreek zer egin dezaketen zehazteko”, adierazi du Jon Arriola Berriatuako alkateak.
Lea Artibai Garapen Agentziatik zehaztu dutenez, “sinergiak batzea” beharrezkoa da, eta negoziodunen zein gainontzeko herritarren ikuspuntuak eta ekarpenak jasota, emaitza hobea lortuko dute.
3. sektoreko negozio jabeentzat zein langileentzat izango da egueneko batzarra, eta horregatik, 14:30etik 16:30era batuko dira udaletxean.
Dagoeneko negozioz negozio azaldu dute biharko lan mahaiari buruzko informazioa, eta batzarrean parte hartzeko telefonoz zein emailez konfirmatzeko eskatu dute: egalletebeitia@leartibai.com / 94-616 90 88/ 688 61 24 06.
Lea Artibai Garapen Agentzitako teknikariek udalerriko 22 agente elkarrizketatu dituzte martxoan haien errealitatea bertatik bertara ezagutu asmoz. Industria, merkatari, ostalari eta herritarrrei askotariko galderak egin dizkiete. Esaterako, haien negozioen antzinatasunaz edota bezeroen inguruko galderak egin dizkiete, eta berriatuarrei herriak bizi duen egoera zein garapen ekonomikoari buruzko itaunak egin dizkiete.
Sektore guztiak. Aste honetako batzarraren ostean, hilaren 30ean sektore denekin eta herritarrekin beste lan mahai bat egingo dute, eta denei parte hartzeko deia luzatu diete, “giltzarri direlako”.
Gero, apirilean zehar erronkak eta ekintzak definituko dituzte: “Ekintza plana zehaztuko dugu, ateratako ondorioetatik erronketara eta ekintzetara pasatzeko”.