Kale erabileraren datuek berretsi dute euskara dela hizkuntza nagusia
2016ko kale erabilera neurketaren datuak kaleratu ditu udaleko euskara zerbitzuak. Adin tarteka egin dute neurketa: gazteen artean dago daturik onena (%92) eta helduenean baxuena (%73)Ondarroako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabileraren kale n...
2016ko kale erabilera neurketaren datuak kaleratu ditu udaleko euskara zerbitzuak. Adin tarteka egin dute neurketa: gazteen artean dago daturik onena (%92) eta helduenean baxuena (%73)
Ondarroako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabileraren kale neurketa datuak kaleratu ditu. Guztira, %79,73koa izan da erabileraren emaitza. Baina adin tarteka egin dira neurketak, eta horietan, desberdintasunak daude.Emaitzarik onenak haur eta gazteen taldean daude (%92), eta hori oso positibotzat jo dute euskara zerbitzukoek. Helduen artean datua %73koa da, eta nagusienen artean %76,5 dira euskaraz ari zirenak.
Dena den, datuak ezin direla «datu huts moduan interpretatu» gogorarazi dute, atzean dauden zergatiak ezagutu behar direla. «Joerak dira begiratu behar direnak, eta horien atzean dauden arrazoiak», esan dute.
«Aurreko azterketekin alderatuta, oraingoan uhin txiki bat dago: ume eta gazteen joera goranzkoa da, baina heldu eta nagusiena pixka bat beheranzkoa». Horren interpretazioa azken urteetako joera orokorrari begiratuz egin behar da. «Elebiduntzeko joera dago», esan dute. Egiten diren politika orokorrek herri erdaldunak euskalduntzera bultzatzen dituzten heinean, herri euskaldunetan ere eragina daukate. «Joera hori antzeman, eta erne ibili behar gara».
Bestetik, neurketak eurak ere «kontuz» begiratu behar direla esan dute, hainbat faktore batzen direlako horrelakoetan. «Gertatu izan da ezagutza mailatik gorako datuak agertzea, eta hori ezinezkoa da».
2011ko kale neurketan, adibidez, 7.000 elkarrizketako lagina erabili zutela azaldu dute, eta 2016an, berriz, 4.600goa. «Beraz, azken bi neurketetako datuak ez dira konparagarriak; orientaziorako erabili behar ditugu emaitzak».