Giza eskubide urraketarik ez! lelopean egonaldi txandakatua egingo dute zapatuan [apirilak 1] Ondarroan. 10:00etatik 20:00etara, herriko taldeak txandaka egongo dira Alamedan, Ibon Iparragirre herritarraren egoera salatzeko.
Ekimenaren helburua, Iparragirreren alde azken bi hilabeteotan egin den kanpainari amaiera ematea da. Hainbat ekintza egin dituzte (manifestazioa, gutun bidalketa, postalak…), eta horiei guztiei Alamedako ekimenagaz emango zaio amaiera.
Herriko
28 taldek eman dute izena momentuz, baina zapatura bitartean, gehiagok ematea espero dute. Taldeez gain, norbanakoei ere parte hartzeko deia egin diete Iparra Galdu Baik plataformako kideek. “Edozein ordutan hurreratu Alamedara”, esan dute. Dena dela,
elkarretaratzerik handiena, den-denak batuko direna,
19:30etik 20:00etara bitartean egingo dute. “Horra gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak”. Badago kanpoan egoteagatik egonaldian ezin parte hartu ahalko duen talderik ere.
Alameda apaindu egingo dute plataformako kideek: “Haimak jarriko ditugu, musika ipiniko dugu…” Gainera, Alamedan bertan Ibon Iparragirrerentzako postalak egin eta bidaltzeko aukera egongo dela ere iragarri dute.
Hurrengo taldeek bat egin dute ekimenagaz, momentuz:
- 10:00-Ernai eta Gure Esku Dago
- 10:30-Radixu irratia, OHZ eta Eguzki
- 11:00-Artelan eta Aurrera Futbol Taldea
- 11:30-Kresala eta AEK
- 12:00-Garraxika
- 12:30-Harrera elkartea
- 13:00-Ondarroako Udala
- 13:30-Tramana & Brix
- 14:00-Salserak
- 14:30-Sortu
- 15:00-Aurrera Mendi Taldea
- 15:30-Etxelilako taldik
- 16:00-Oilotokixe
- 16:30-Portuko ranpi
- 17:00-LAB
- 17:30-OGA eta Mirentxin
- 18:00-Aitzol eta Botxen lagunak
- 18:30-Bertsolaxak eta Arrigorri Itsas Arrantza Elkartea
- 19:00-Zeuk pentsa kuadrilli
- 19:30-Etxerat eta Iparra galdu baik
- 20:00 amaiera