Jakinarazi dutenez, ikastaroan
16 eta 30 urte bitarteko goi mailako ikasketarik ez daukaten gazte langabetuek parte hartu ahalko dute.
Leartibai Garapen Agentziak koordinatzen duen ikastaro hori
apirilaren 3an hasiko dute eta uztailaren 11n bukatu. Egun horien bitartean, sukaldari laguntzaile izateko
beharrezkoak diren jakintzak ezagutuko dituzte parte hartzaileek; hala nola, higiene eta osasun-baldintza eta arauak, lehengaien hornidura, elikagaien kontserbazioa, plater konbinatu eta pintxoen prestaketa eta oinarrizko plateren prestaketa.
Halaber,
enpresa batean praktikak egitea ere aurreikusten du ikastaroak; gutxienez, 80 ordu.
Hala, ikastaro horretan parte hartu nahi duenak
izena eman beharko du Leartibai Garapen Agentzian (Xemein etorbidea 12-A, Markina-Xemein/94-616 90 88/688 61 24 06). Ikastaroari buruzko informazio gehiago nahi duenak ere Garapen Agentziagaz harremanetan jarrita eskuratu ahalko du.
Txertatu merkatuan proiektua
Ikastaro hori Txertatu merkatuan proiektuaren barruan emango dutela jakitera eman du bere parte den Leartibai Garapen Agentziak.
Txertatu Merkatuan proiektua prestakuntza-maila baxua dutenei, ikasketak utzi dituztenei eta langabezian urtebetetik gora daramaten 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago. Gainera, unibertsitate-ikasketak utzita, lanik gabe dauden eta hezkuntza edo prestakuntza sistemetan integratuta ez dauden pertsonei ere zuzenduta dago.
Proiektuaren
helburua “pertsona bakoitzaren
motibazioa lortzea eta autestimua areagotzea da, esku hartzeko erabiltzen diren metodologiak gela tradizionalean erabiltzen direnen bestelakoak izanik”.
Bi fase ditu: batetik, eguneroko jakintzetatik abiatuta,
lan-profil bat eraikitzea ahalbidetu nahi du; ezkutuko gaitasunak eta lan-trebetasunak identifikatu eta balioztatuz, enpresek erabiltzen duten lan-hizkuntzara egokitzeko. Bestetik,
lan-errealitatea ezagutzeko lehen pausoa eman nahi da, eta, horretarako, tailer erdi produktiboak, gaitasun teknikoetan prestatzeko tailerrak edota gizarte-berrikuntzako jardunak garatzeko gaitasun-tailerrak jarriko dituzte parte hartzaileen eskura.