Gorka Etxebarrieta Ercilla: 'Benetan artistak'
Malabaristak, akrobatak, trapezistak… Albaitariak, nekazariak, maisu-andereñoak eta elektriziztak. Euskararen korronte elektrikoa bultzatzen duen dinamoa atzo jarri zen martxan. Ume, guraso, aiton-amona, osaba-izeba, ezkongai, alargun, elbarritu, beltz, txuri. Kolore guztietako jendea mobilizatzeko gai den fenomeno sozialak 2.000 kilometrotik gora doan ibilbidea burutuko du hogeigarrengoz Euskal Herrian barrena. Txalotzekoa. Miresgarria. Gaur egun bogan dagoen crowfunding kanpaina arrakastatsuena bezala definituko luke marketing alorrean aditua den edozein jakintsuk.
Izan ere, egitasmo honek, mota honetako kanpaina entzutetsuenek betetzen dituzten oinarrizko ezaugarriak pilatzea lortu baitu. Edozeinek erraz ulertu dezakeen euskararen erabilera sustatzeko ideia argi eta garbia igortzen da. Energia konzentratu nahian, akzioa denbora tarte jakin batera mugatua dago. Egin beharrekoa, euskararen alde pausotxo batzuk ematea besterik ez da. Horrela, parte hartzeko aukera zabala delarik. Ondorioz, kilometroz kilometro jatorrizko ideia indartuz, lodituz doa. Eta bidean, ekintza alai bezain osasuntsua bilakatzen da.
Lekukoaren bitartez, kilometroka parte hartzen duten elkarte ezberdinei, bat edo beste omentzeko aukera ematen zaie. Euskalduntze klima Euskal Herriko paraje guztietara helaraztea lortzen dute. Azkenean, euskararen alde egingo duten euskaltegientzako diru mordoa biltzen da. Eta esandako guztia gutxi balitz, lelo motz eta esanguratsua dauka: Korrika.
Korrikaren webgunean irakurri daitekeena hona ekarriz, «Garai hartan ideia zoragarri bezain eroa izan zuten horiei esker, Korrika euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu da». Mundiala. Gauza ikaragarri ona sortu zuten. Horregatik, guk eta gure ondoren etorriko diren optimistek, pailazo eta ume ilusionistek maitatzen, indartzen, eraberritzen, parte hartzen, herriz herri aldarrikatzen jarraituko dugu, eta dute. Gora Korrika! Gora garai hartako benetako artistak!