Beste urte batez askotariko ikastaroekin eta kultur ekitaldiekin dator
Aulestiko Artedrama Topaketa.
Francoren bilobari gutuna antzezlan ospetsuagaz borobilduko dute aurtengo kultur eskaintza.
Hamabigarrenez arte eszenikoen munduaz gozatzeko eta asebetetzeko eskaintza prestatu dute Artedrama Euskal Laborategiaren kideek. Datorren
astelehenean hasi [apirilak 17], eta zapatura arte [apirilak 22] kultur erakusleiho irekia izango da Aulesti.
Francoren bilobari gutuna antzezpeneko irudia.
Unai Iturriaga bertsolariak idatzitako eta Manex Fuchsek zuzendutako
Hozkailua antzezlanagaz hasiko dute astea. Benetako adiskidetasuna azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa ekarriko dute Aulestira Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreek.
Bestalde,
martitzenean eta eguenean bina emanaldi eskainiko dituzte. Esaterako, martitzeneko
Eltxoak mikroantzerkian Amaia Irazabal aktore eta idazle getariarra eltxoak gorroto dituen pertsonaiaren azalean ageri da, eta eltxoak odola xurgatzen dioten bakarrak ez direla konturatuta, egoera horri aurre egiteko indarrak bildu, eta superheroi bihurtuko da.
Kale antzerkia. Egueneko
Lapur Minak da egitarauko kale ikuskizun bakarra (udaletxeko atarian izango da). Patricia Urrutia, Aitor Fernandino, Pako Revueltas eta Ion Zumelaga aktoreek clown hizkuntza eta komedia nahasten dituen kale antzerki ibiltaria dakarte Aulestira. Saritutako billete baten inguruan, lau lapur minen eta hiru pertsonen arteko amodiozko istorioa antzeztuko dute.
Euskal Herriko aretoak bete dituen eta aurtengo
Donostia Antzerki Saria jaso duen
Francoren bilobari gutuna obragaz amaituko dute aurtengo topaketa. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren “erradiografia traumatologikoa” aurkeztuko dute Ander Lipusek, Patricia Urrutiak, Manex Fuchsek, Zoila Berastegik, Urko R. Pescadorrek, Pako Revueltasek eta Erika Olaizolak. Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria, eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek idatzi dute.
Artedrama Laborategia.
Ikastaroak. Bestalde, ikastaroetan parte hartzeko
hamalau plaza zabaldu zituzten, eta denak bete dituzte. Tailerretako partaideek egunero zortzi orduz arte eszenikoei buruzko hainbat alor landuko dituzte Ander Lipus, Amancay Gaztañaga, Pablo Ibarluzea, Garazi Lopez de Armentia eta Unai Lopez de Armentia irakasleekin.
Hamalau ikasleen artean,
aulestiar bat dagoela jakitera eman dute antolatzaileek, eta esaterako, Arrigorriagako zein Gipuzkoako hainbat herritako ikasleak batuko dira.
Besteak beste, arnasa, oreka, indarra, adierazpena eta espazioa landu, Michael Chejov eta William Laytonen teknikak jorratu, inprobisazio zein clown ariketetan trebatu edota dantza eta antzerkia uztartuko dituzte.
Hala, beste behin, eztabaidak, jakintza eta elkartrukea sustatuko dituzte topaketan.
EGITARAUA:
- APIRILAK 17 (astelehenean):
- 21:00. Hozkailua (Huts Teatroa), udal aretoan.
- APIRILAK 18 (martitzena):
- 21:00. Bihotz salataria (Atx Teatroa), udal aretoan.
- 21:30. Eltxoak (Zanzara), udal aretoan.
- APIRILAK 19 (eguaztena):
- 21:00. Atte hil aurretik (Beheko Larraine), udal aretoan.
- APIRILAK 20 (eguena):
- 21:00. Jadanik hilda (Parasite Kolektiboa), udal aretoan.
- 21:30. Lapur minak (Cia Tornado), udaletxeko atarian.
- APIRILAK 21 (barikua):
- 22:00. Sweeney (Eromen Produkzioak), frontoian.
- APIRILAK 22 (zapatua):
- 22:00. Francoren billobari gutuna (Artedrama Le Petit Theatre de Pain Dejabu Pangin Laborategia taldea), frontoian.