Pikondoaren balada lanagatik jaso zuen atzo Zarautzen saria. Lehiaketa Zarauzko Udalak antolatu du, eta aurtengoan
hamahiru lan aurkeztu dira. Yolanda Arrieta, Alexander Gurrutxaga, Miren Agur Meabe eta Nerea Arrienek osatutako epimahaiak ondarrutarraren lana saritu du, eta atzo eman zioten saria Zarauzko Sanz Enea liburutegian.
Lehiaketa irabaztearren 3.700 euroko ordainsaria jasoko du, eta liburua argitaratu dio Zarauzko Kultura Departamentuak. Herriko ikasleen artean
Pikondoaren balada lanaren 2.500 ale doan banatzen hasi ziren atzo.
Leire Bilbao idazlea, Pikondoaren Balada liburua eta Lizardi Saria eskuetan dituela. Argazkia: Zarauzko Udala
Saria jaso ostean pozik agertu zen idazle ondarrutarra: “Lizardi Sariak badu sona eta izena, eta horregatik gustura nago”.
2006an hasi zen idazle gisa Leire Bilbao, eta urte horretan argitaratu zituen
Ezkatak olerki liburua lehenengo eta
Amonak nobioa du, eta zer? haurrentzako liburua gero. Aitortu du idatzi ahala ikasten joaten dela idazlea, eta berak horrela egin duela bidea: “Neure burua proban jartzea gustatzen zait, istorioak asmatzen eta estilo ezberdinak probatzen”. Bere ustez literatura hitzekin jolastea da, orain afizio eta ofizio duena.
Lana. Pikondoaren balada liburuak bizitzaren aurreko filosofia bat erakusten duela aitortu du Bilbaok. Lukas protagonistak pikondo baten gainera igotzea eta inoiz gehiago ez jaistea erabakitzen du. Horrela, jarrera bat erakusten du bizitzako kontuen aurrean, gerrara joateko deia iristen zaionean, esate baterako. Familia istorio batetik abiatuta istorio unibertsal bat kontatzen da, Lukasen istorioa, baina haren iloba Martinak kontatua.