Markina-Xemeingo Udal Musika Eskolak 2017-2018 ikasturtean eskainiko duten formazioa azalduko dute
barikuan [apirilak 28], 19:00etan, Kultur Aretoan. Udal ordezkariekin batera, aurkezpenean,
Berriatuko Tarine Musika Eskolako irakasleak egongo direla jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. Izan ere, eurak izango dira datorren ikasturtean Markina-Xemeinen klaseak eskainiko dituztenak.
Berriatuko Tarine Musika Eskolakoak kontzertua ematen Deban. Argazkia: Tarine
Aurkezpenean xehetasunak eman eta eskaintza zehazteaz gain, datozen asteetan informazioa guztia herri osora zabalduko dute. Bestetik, musika eskolan izena emateko epea maiatzaren erdialdean zabalduko dela esan dute.
Zeharkaletik Arretxinagara. Momentuz, Markina-Xemeingo udaletxe zaharreko eraikinean (Zeharkalea 2) emango dituzte eskolak, baina etorkizunean Musika Eskola Arretxinagan ezartzea da udalaren asmoa, eraikinaren goiko pisuan. Eta etorkizunean hori horrela izateko, Xemeingo udaletxea izandako eraikinean konponketa lanak egiten ari direla diote.
Xemeingo udaletxea izan zen eraikina.
Konponketen artean, Xemeingo udaletxe izan zenean
igogailua jarri nahi du udalak irisgarritasuna hobetzeko. “Komunak dauden lekuan joango litzateke igogailua, beraz, komunak lekuz aldatu beharko dira. Aldaketa horiek eraikinaren egituran eragina dutenez proiektua gauzatuko dugu”, azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Arretxinagako ingurune osoa
leku aproposa dela zehaztu du alkateak Musika Eskola bertan kokatzeko. “Plaza kontzertuak emateko erabili daiteke esate baterako, eta aldamenekorik ez molestatzeko ere egokia da”.