Udaberri guztiekin batera, Europara, gure lurraldeetara eta baita Lea-Artibaira ere enarak bueltatzen dira. Milaka kilometro egin eta gero, Afrikako lurraldeak utzi, eta bidai arriskutsu baten ondoren, txitoak edukitzera etortzen dira hona.
Enarek (Hirundo Rustica) antzinatik egiten dute migrazio hau, baina azken hamarkadan populazioa %33 baten jaitsi da; gutxi gorabehera, 10 milioi enara gutxiago daude gaur egun.
Enara batek 850 intsektu jan ditzake egun batean; bataz beste, urte baten 55 kilo jatera heltzen dira. Egiteko horrek, hain zuzen ere, pertsonenganako eta baserritarrentzako onura suposatzen du.
Zerk eragin du horren murrizketa bortitza? Ba, alde batetik, intsektizidek haien eguneroko janaria (eltxoak, euliak, kilkerrak..) murriztu dituzte. Bestetik, etxe eta baserrietan egiten dituzten kabien suntsiketak daude. Suntsiketa horiek txitoak hil edo zuzenean arrautzarik ez jartzea eragiten dute, eta europar legeak ilegaltzat jotzen du jokaera hori.
2014an Sei Bird Life-k urteko hegaztia izendatu zuen enara. Hori ikusita eta egoera horri aurre egiteko, ni neu partaide naizen AVIN proiektua jaio zen. Proiektu horrek lau lerro nagusitan lan egiten du:
- Kabien suntsipena geldiarazi
- Eskuz egindako kabiak sortu
- Enaren erroldak egin
- Txitoen berreskurapena bultzatu
Beraz, hegazti horien kontserbazioa bermatzeko guztion kontzientziazioa beharrezkoa da. Lea-Artibai eskualdera gero eta enara gutxiago datoz, baina orain datozenak urtero egingo dute bidaia, baita haien txitoek ere. Alegia, gaur egun hona etortzen direnak eta horien kumeak ere aurrerantzea etortzen jarraituko dute.
Ziurtatu dezagun, beraz, gure hurrengo belaunaldiek hegazti hauetaz disfrutatzen jarrai dezaten, haien onuretaz eta oparitzen diguten hegaldi paregabeaz.