Esteban Irusta Mallea: 'Euskal etxea'
Euskal kulturan etxeak garrantzi handia izan du. Bizitza etxearen inguruan antolatzen zen. Bizitokia izateaz gain, lantokia ere bazen, bertan aurkitzen baitziren, besteak beste, ukuilua, korta, zerritegia, arditegia, dolarea, ehundegia, oilategia, gaztandegia eta uzta desberdinak gordetzeko ganbara eta sabaia. Eta etxe inguruan ogia egiteko labea eta erlategia ere egoten ziren, gaztain enbor hutsetan. Etxearen beste osagarri bat, garaia zen. Eraikin mota hau ia guztiz desagertuta dago gaur egun. Bizkaian gutxi batzuk daude, Gipuzkoan bat bakarra (Bergaran), eta multzorik handiena Nafarroan (Aezkoan) dago. Garaiak harrizko zutabeen gainean eraikitzen ziren, uzta hezetasunetik eta saguengandik babesteko. Etxe inguru hauei, urrutiagoko bordak gehitu behar zaizkie.
Abeltzain lanetarako askotan ez zen aski etxeak eskaintzen zuen tokia, eta herritik kanpo beste eraikin bat behar zen larreetatik hurbilago. Denborarekin, toki askotan, borda hauek handituz eta egokituz, familia berrien bizitoki bihurtu ziren. Horrela, «borda» bukaera duten baserri izenak asko dira.
XVI. mendean, Andrea Navagiero Venezia errepublikako enbaxadoreak Euskal Herria ezagutu zuen, eta Viaggio fatto in Spagna ed in Francia liburuan sagardogintza aipatzen du
Baserritarrek egiten zituzten lan desberdinen artean, asko desagertu egin dira. Horien artean, garijota eta artajorra edo laiaketa eta artozuriketa zer ziren ez dakite oraingo gazteek. Lan guztien artean, kanpotarrei sagardogintzak deitzen zien arreta. XII.mendean, Done Jakueko Bidean barrena ikusitakoak idatzi zituen Aymeric Picaud erromes frantziarrak Liber Sancti Iacobi lanean. Haien artean deigarria egin zitzaion ardoaren falta eta kontrara sagardoaren ugaritasuna. Garai hartan, Lapurdi Ingalaterrako Richard Coeur de Lion erregearen menpe zegoen, eta lege bidez, animaliei sagastietan sartzeko debekua ezarri zien; sagarrak lapurtzen harrapatzea bidegabekeriatzat hartzen zen. XVI. mendean, Andrea Navagiero Venezia errepublikako enbaxadoreak Euskal Herria ezagutu zuen, eta Viaggio fatto in Spagna ed in Francia liburuan sagardogintza aipatzen du. Besteak beste, hau esaten du: «Herri honetan ez dago ardorik, eta garia gutxi. Herritarrek sagarrondoak landatzen dituzte, ikusteko ederrak eta oihanak diruditenak. Sagarrekin sagardoa deitzen duten ardoa egiten dute, herritar gehienek edaten dute, eta ohitzen denarentzat osasungarria da».
XVII. mendean, Pierre de Lancre epaile frantsesak esan zuen Euskal Herria sagar herrialde bat zela. Gipuzkoara itzuliz, XIV. mendean, bitxikeria hau agertzen da. «Sutea izan eta ur falta gertatuz gero, ardoa eta sagardoa sua itzaltzeko erabiltzea onartzen da». Eta XV. mendean, ordenantza baten, beste hau: «Sagarrak dituen bost sagarrondo moztu edo kaltetzen duenari heriotz zigorra ezartzen zaio». XVIII. mendean, Manuel Larramendi jesuita ospetsuak Koreografia de Gipuzkoa liburuan, ardoaren presentziaz hitzegiten du.
Gaur egunera salto eginez, sagardoari eta ardoari, indartsu dagoen txakolina gehitu behar zaie.
Etxe hitzak zer esan nahi duen, Zumaiako Baltasar de Etxabek bere iritzia ematen digu XVI. mende bukaeran Mexikon idatzi zuen Discursos de la antigüedad de la lengua Cantabra Bascongada liburuan. Euskararen aldeko lan honetan «etxe» hitza «itxi» ideiarekin lotzen du: «Llamase a la casa Ychia que quiere decir cerrado, y agora Echea, y tambien Etsea, y a la que cercada de pared o tapia,llamavan Ormaychia, por llamarse a la pared «Horma» en mi lenguaje(…)». Eta «etxekone» hitzak zer esan nahi duen askok ez dute jakingo, nahiz eta leku askotan oso erabilia izan. Baserri bat erdi bi eginda, bi familia aparte bizi direnean, horietako bakoitzarentzat besteak dira etxekonekoak.