Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak parte hartzen duen antzezlana
denboraldiko azken emanaldiak eskaintzen ari da. Eta gaur [maiatzak 5] Santurtzin emanaldia eskaini eta gero, hurrengo emanaldiak ondokoak izango dira:
- Maiatzak 10 (eguaztena): Eibar, 19:00etan
- Maiatzak 12 (barikua): Sestao, 20:00etan
- Maiatzak 13 (zapatua): Bilboko BBK Aretoa, 20:00etan
- Maiatzak 14 (domeka): Bilboko BBK Aretoa, 19:00etan
Zozketa. HITZAk maiatzaren 13ko emanaldirako bi sarrera bikoitz zozkatuko du harpidedunen artean. Horretarako, interesatuek eguena 16:00ak baino lehen HITZAren bulegora deitu beharko dute (94-684 44 36). Ordutegia: astelehenetik barikura, 09:30etik 20:30era.
Antzezlanaren
testua Galder Perezek idatzi du, eta Eloi Beatok zuzentzen du. Aktoreei dagokienez,
Alegriagaz batera ondokoek parte hartzen dute: Susana Soleto, Martxelo Rubio, Itziar Ituño/Leire Ucha eta Ylenia Baglietto.
Sinopsia. Desoxirribonukleikoa genetika-laborategi batean gertatzen den
komedia zientifiko musikala da. Sekretupean, euskal genoma ikertzen ari dira bertan. ADN eraldaketaren bitartez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea.
Ezkutuko proiektua primeran doanean, kazetari misteriotsu baten bisitak hankaz gora jarriko ditu ikerketa bera eta baita zientzialarien arteko harremanak ere.
Bizitzarako ikerketa-lekua den honetan, zalantzan jarriko dira morala, pasioaren jatorria eta kode edo molekulez ulertzen ez duten jelosia zein bekaizkeria. Nahaste-borraste korapilotsuen ondorioz, egia eta gezurraren arteko muga desagertuko da.