Etxebarria, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarreko ondarea ezagutzeko ibilaldia egingo dute
Ondare Ibilbidea maiatzaren 20an (zapatua) da, eta parte hartzeko asmoa dutenek aurretik izena eman behar dute, 94-616 41 14 telefono zenbakira deituta.
09:30ean irtengo dira autobusean Bolibartik, eta eguerdira arte luzatuko da txangoa. Bisita gidatua doakoa da, eta euskara hutsean izango dela zehaztu dute.
36 pertsonentzako lekua dago autobusean, beraz, plazak bete arte izena eman ahal da.
Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Ziortza-Bolibarko udalak eta Simon Bolivar museoak antolatutako irteeran ondarearen ikuspegi orokorra laburbilduko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, azalpen batzuk autobusetik bertatik emango dituzte, eta beste ondare batzuk autobusetik jaitsi eta bertatik bertara aztertuko dituzte.
Besteak beste, Barinagako Jose Mari Arizmendiarrietari eskainitako monumentua, Markina-Xemeingo udaletxea eta Andonegi zein Patrokua jauregiak, Xemeingo eliza, Etxebarriko Ansotegi jauregia eta Ibarguengo garaia eta Ziortzako Monastegia bisitatuko dituzte Ondare Ibilbidean parte hartzen dutenek.