Ke usainak altzarazi nau gaurkoan ere. Nahigabean urperatzen nauen kiratza. Isilean jagi, suntsipenaren koadroa hamabostgarrengoz kontenplatzera hurbildu eta bihotz zabalez hartu gaituen familia honen kortako leihoa zarratu dut. Lurrean, lasto gainean, lotan ditudan nire bi altxorren amets goxoek denbora batez iraun dezaten.
Lur jota nago. Etsita. Sagutxoen begiradetatik at mantentzen saiatzen naizen negarrean murgilduta. Amaren berririk ez izateak zoramena ekarriko didanaren beldur. Herrira bidean izan behar duela esan didate. Berri horri lotuta bizi gara. Begi bistan dugun txikizioa ikusita, geratzen zaigun ilusio bakarra delako. Zer egin? Nora jo?
Baserri honetako usabak jetzitako esnetan atzoko ogi apurrak busti, umeak zelan edo halan atondu, ikastolan oporrak eman dizkietela beste berriz azaldu, jolasean jarri, musu bana eman, eta gaurkoan, herrira jaitsi eta behar den lanetan laguntzeko balentriaz beteko naiz. Horrek, erbestaratuak izan garen baserri honentzako sariren bat ekarriko duen esperoaz. Edo sagutxoen ama aurrez aurre aurkituko dudanaren itxaropenaz. Nor gara gu? Zer egin dugu amets gaizto honen parte izateko?
26ko astelehen arratsaldean merkatuko giroaz gozatzen ginen. Asteroko erosketak egiten. Umeekin jolasten. Ama, Bilbo aldera astero egiten zuen bizitatik, noiz iritsiko zain. Eta orain, zer gara? Non gaude? Non dira gure senide, lagun, jostailu, ohe edo etxeko paretek babesten zituzten kantu eta kontuak?
Madarikatu horiek botatako bonben amorrazioaz zanpatuak izan gara. Deuseztuta. Nork merezi ote du hau? Familia bat ginen. Egunerokotasun bat genuen. Pozik bizi ginen. Baina orain, ez dugu ezer. Ezta, zoritxarrez, begiak zabaltzera behartzen gaituen ke kiratza gutik aldentzeko lan eskerga egingo zuen amatxo maitea ere. Ilunpetan bizi gara. Baina bizitzera behartuta gaude. Gutaz ezer ez zekiten alproja horien nahien gainetik izan behar garelako. Baina nola ekin?
Sagutxoei zor diegu. Egin beharra dugu. Berrantolatu eta martxan jarriko gara. Herri berri, polit eta atsegin bat eraikia izango da. Gure ondorengoek koloreztatuko dituzten kale grisak altxatuko ditugu. Izerdiak negarra ordezkatuko du. Gu, gernikarrok, euskaldunok, tankera honetako pertsonak garelako. Barrutik lehertuta bagaude ere, aurrera esperantzaz begiratzen hezituak. Ama noiz agertuko den egunari betirako lotuak. Ilusioari kateatuak.
Eta hemen gaude, beste behingoz, 80 urte ondoren izaera horren preso. Gutaz harro. Gure aiton-amon, aita eta amek bizitako hura berpizten. Haien ondorengo diren loben kantu, antzerki eta ekimenen bitartez, jasan izan behar izan zuten hura antzezten, oroitzen. Zuen aurrean makurtu, izan zenuten adorea goraipatu eta gerraren ordez mundu ulertezin honek bakea behar duela lau haizetara aldarrikatzen.
Gu, zuetaz harro gauden Gernikako lobak gara.