Bai/ez. Klik/X. Segundu laurden batean hartzen ditugun erabakiak dira: zerbaiti atentzioa ipini edo beste zerbaitetara salto egin. Milioika mezu jasotzen ditugu egunero, orduro edo minuturo. Eta batzuetan kontzienteki eta beste batzutan inkontzienteki mezu horri atentzioa jarri edo kendu erabakitzen dugu. Denbora luzeagoa eskatzen diguten mezuekin kontzientzeki hartzen dugu erabakia: «Bai, pelikula hori ikusiko dut». Txio batekin inkontzienteagoa da egiten duguna, baina azken finean, txio barrura sartu edo hurrengora jo erabakitzen dugu.
Mezuak hainbeste direnez, sortzaileek gero eta lan handiagoa edukitzen dute lana bera egiteaz gain, hartzaileek hasiera-hasieran ikusiko duten mezu hori (ere) lantzen. Hau da: ez da nahikoa egunkari batean albiste on bat idaztea, gero eta garrantzitsuagoa da titularra izatea benetan ona.
Urte batzuk badira Publizitatea eta Harreman Publikoetako lizentziatura ikasi nuena. Han ikasten genuen euskarri bakoitzean zenbat denbora behar zuen hartzaileak gurekin geratzeko: zenbat denbora behar duen pertsona batek gure iragarkia ikusi eta gerora gure produktuaren izenagaz gogoratzeko, edo programa baten hasierako kanta entzun eta programa hori ikusten geratzeko. Zineman, adibidez, sortzaileek lasai hartu dezakete: ikuslea pantailari begira dago, eta ez da joango (printzipioz). Beraz, mezua lasaia izan daiteke, ondo azaltzekoa. Egunkarietan lehenengo lerroak dira garrantzitsuenak. «13 berbako titularra osatu ahalik eta informazio gehien jarriz», esaten ziguten. Beraz, 13 hitz horiek ahalik eta ondoen aukeratzen ibiltzen ginen, irakurlea gure albistera erakartzeko. Telebistan eta irratian katez alda dezakegu. Beraz, segundo batzuetan esan beharko dugu esan nahi duguna, ikuslea edo entzulea gurekin geratzeko. Are gehiago kartel batean edo txio batean. Oso-oso erraza da hortik alde egitea.
Hori duela urte batzuk ikasi genuena. Eta zer esanik ez orain. Gero eta mezu gehiago daude: telebistan milaka kate, irratian beste hainbeste, kalean kartelen gerra, gero eta webgune gehiago, blog gehiago, Facebook, Twitter, Instagram, WhatsApp, Telegram, Youtube… Milioika eta milioika mezu egunero. Eta hainbeste egoteak gero eta garrantzitsuagoak bihurtu ditu lehenengo berba edo irudi horiek.
Sare handia daukagu aukeran, eta amua behar arrantzan egiteko. 13 berba larregi dira alboan bi onak egin dituen bat badago. Horregatik da programa bateko lehenengo atala hain garrantzitsua, Interneteko atari baten lehenengo orria, bertsolari baten hasierako agurra edo irrati programa baten hasierako sintonia. Ea asmatu dudan lehenengo zutabearekin, bigarrena irakur dezazun. Honaino heldu bazara, amua irentsita!