Herri ikastetxeko ikasleek Agenda 21 programaren barruan
ikasturtean landutakoa azaldu diete goizean Udal Aretora bertaratutako guraso zein gainontzeko herritarrei.
Horiekin batera, Arkaitz Goikoetxea alkateak eta Xiana Ibaibarriaga zinegotziak arretaz entzun dituzte ikasleen azalpenak, eta Joseba Martinez Eusko Jaurlaritzaren Ingurugela Ingurumen Hezkuntzarako Zerbitzuko eskualdeko koordinatzailea ere egon da aurkezpenean.
Udal foroan azalpenak eman dituzte ikasleek.
Umeek bertso bategaz hasi dute agerraldia. Barikuetan
konposta botatzera joaten direla aipatu dute bertsotan. Ondoren, eskolako
ortuan zer landatzen ere azaldu dute. Izan ere, elikadura osasuntsua lantzen dute eskolan, barazki eta frutak jateak dituzten onurak barneratuz. 2016a Lekaleen Nazioarteko Urtea izan zela eta, lekale mota desberdinak aztertu zituzten. Era berean, ikasturtean hainbat errezeta egin dituztela azaldu dute: jogurtak, turroiak, txokolatea… Eta gatzarekin egindako esperimentuen eta marrazkien berri eman dute.
Sukarrietako BBK Zentroan eta Baratzen egindako egonaldiei buruz ere berba egin dute goizean. Horietan ikasitakoa eta burututako ekintzak kontatu dizkiete udal aretoan bildutakoei. Bestalde, papera, plastikoak, botilak eta organikoak zelan
birziklatzen dituzten azaldu dute.
Proposamenak. Azalpenekin batera, ikasleek zenbait eskaera egin dizkiote udalerriko alkateari. Paper eta plastikozko kontenedoreak eskola ondoan ipintzea, Zuhaitz Eguna udal mailan antolatzea, kulturarteko gastronomia jardunaldiak antolatzea eta elikadurari buruzko hitzaldiak, truke azokak, janari bilketak etab bultzatzea proposatu diote.
Udal foroan bildu diren ikasle eta udal ordezkariak.
Goikoetxeak haien lanagatik eta gaurko aurkezpenean emandako azalpen “interesgarriengatik” zoriondu ditu, eta eskerrak eman dizkie. Hala, haien proposamenak kontuan hartu, eta ahal den neurrian
betetzeko konpromisoa hartzen dutela esan die. “Ahalegin berezia egingo dugu zuen eskaerak betetzeko. Baina, kontenedoreei dagokienez, esaterako, nahiz eta guk gura izan, arazo teknikoak daude, zaborra batzen etortzen den kamioiak behar beste lekua behar duelako. Hala ere, ahal den neurrian ahalik-eta hurbilen ipintzeko ahalegina egingo dugu”.
Era berean, 2017-2018 ikasturtean Lea-Artibaiko ikastetxeetan Naturarekiko harremana lantzen hasiko direla zehaztu dute.