Hezkuntza publikoa, greban
Hirugarren greba egin zuten atzo hezkuntza publikoko irakasle, sukaldari, garbitzaile, laguntzaile eta haur eskoletako langileek, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutaBizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, sukaldari, laguntzaile,...
Hirugarren greba egin zuten atzo hezkuntza publikoko irakasle, sukaldari, garbitzaile, laguntzaile eta haur eskoletako langileek, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, sukaldari, laguntzaile, garbitzaile eta haur eskoletako langileek greba eguna izan zuten atzo, aurtengo ikasturteko hirugarrena. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu zuten atzoko greba, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko 29.000 langilerentzat.Sindikatuen arabera, atzoko grebak martxoaren 22koaren eta maiatzaren 16koaren antzeko jarraipena izan zuen, hau da, %80 ingurukoa. Atzo eguerdian, manifestazio jendetsuak egin zituzten Gasteiz, Bilbo eta Donostian.
Hiriburuetako manifestazioez gain, beste hainbat protesta edo elkarretaratze egin zituzten atzo. Ondarroako institutuan, esaterako, ohiko greba egin beharrean, ikastetxera joan eta protesta beste modu batean egitea erabaki zuten irakasle gehienek. Ikastetxetik bertatik aterata, auto karabana zaratatsua egin zuten irakasleek, «euren aldarrikapenak jende gehiagorengana iristeko». Nabarmendu zuten, egoerak hobera egiten ez baldin badu, hezkuntza publikoko langile gehiago batu eta protestekin jarraituko dutela.
Geroz eta egoera txarragoa
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen ez daukatela grebarako arrazoirik: «Euskal Autonomia Erkidegoan lan baldintzarik onenak dituen kolektiboa da». Baina sindikatuen esanetan, hezkuntzaren egoera oso larria da, eta geroz eta txarrago ari da izaten. Krisia hasi zenetik gaur egunera arte, hezkuntzak jasan dituen murrizketak atzera botatzeko eta lehengo egoerara itzultzeko eskaria egin zuten atzo ere sindikatuek. Besteak beste, inbertsioa Europar Batasunekoaren bataz bestekora igotzea, irakasleen ordezkoak eskoletara arinago bidaltzea eta ikasleen ratioak %10 murriztea eskatu zuten.
Baina oraindik ez dago adostasunik, eta adostasun minimo batera iristea ere zail ikusten dute. Hilabete hasieran, mahai sektorialean bildu ziren gobernua eta sindikatuak, eta ezin izan zuten akordiorik erdietsi irakasleei dagokionean. Haurreskolak partzuergoan ere mahaia bilduta egon den arren ez da akordiorik lortu. Sukaldari eta garbitzaileei dagokienean, aldiz, sindikatuek salatu dutenez, mahaian ere ez dira eseri, eta ez da bilerarik egin.