Hiru ekimenez osatuta datoz aurtengo
Mutrikuko Historia Jardunaldiak, bihar hasi eta ekainaren 8raino. Bihar [maiatzak 26] eta zapatuan,
Ama nora goaz? dokumentala emango dute, mila emakume eta haurrek duela 80 urte tropa frankistek lurraldea okupatu zutenean Gipuzkoatik nola ihes egin zuten azaltzen duen dokumentala. Garaiko emakume eta haurrek jasandako sufrimenduan eta tropa frankistek Gipuzkoan izandako jarreran oinarritzen da filma.
Ekainaren 1ean,
Lehen Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 1936-1937 liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du
Leire Arrietak. Eider Landaberea, Miren Barandiaran, Iñaki Goiogana, Asier Madarieta eta Jose Antonio Rodriguez Ranz idazleekin batera idatzi zuen Arrietak liburu hau, eta bertan Euskadiko historiako hainbat pasarte kontatzen dira, José Antonio Agirre Lehendakaria protagonista dela, besteak beste. Azkenik, ekainaren 8an,
1000 Bonbardaketa Operazio Hego Euskal Herrian 1936-1937 hitzaldia eskainiko du
Xabier Irujo irakasleak. Irujo, historialari eta filologoa izateaz gain, Estatu Batuetako Renoko unibertsitateko Euskal Ikasketen Programaren arduraduna da, eta hainbat argitalpen egin ditu Euskal Herrian jasandako sarraskien inguruan, tartean Gernikako bonbardaketaren inguruan.
Ekintza guztiak
Zabielen egingo dira, 19:00etan, eta Euskal Herriaren historiaz eta hemen gertatutakoaz jabetu nahi duten guztientzat zuzenduta daude Mutrikuko Udalak antolatutako jardunaldiak.
Xabier Irujo irakaslea. Argazkia: diasporaakademikoa.eus