Geoparkeen astea
Zazpigarren urtez, Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkea Europako Geoparkeen Astea ari da ospatzen. Ondare kultural, natural eta geologikoa gerturatuko die herritarrei hilaren 4ra arteMutriku, Deba eta Zumaiak osatzen duten Geoparkearekin batera, Europa o...
Zazpigarren urtez, Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkea Europako Geoparkeen Astea ari da ospatzen. Ondare kultural, natural eta geologikoa gerturatuko die herritarrei hilaren 4ra arte
Mutriku, Deba eta Zumaiak osatzen duten Geoparkearekin batera, Europa osoan dauden gainerako Geoparkeak (guztira 69) Geoparkeen Astea ari dira ospatzen.Lurraldeko ondare geologiko, natural eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburua oinarri hartuta, Europako Geoparkeen Astearen baitan askotariko ekintzak egingo dira. Eta joan den asteko barikuan lehenengo ekintza Donostian egin bazen ere, beste ekintza guztiak Mutrikun, Deban eta Zumaian egingo direla aurreratu dute Geoparkearen arduradunek; hitzaldiak, doako bisita gidatuak, irteera geologikoak, marrazki lehiaketa eta abar egingo dira.
Kostaldearen garbiketa
Horien guztien artean, baina, ekintzarik nabarmenena zapatuan egingo dena da: Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan egingo den garbiketa. «Ekintza horrek herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea bilatzen da». Zehatz esateko, ekintza Deba-Zumaia biotopoan (Elorriaga inguruko labarretan) egingo da; labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak bilduko dituzte.
Ekintza hori gauzatzeko, Geoparkeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zumaiako GKN enpreasren eta Sufrider Foundation Europe elkarteko kideen laguntza edukiko du; Eusko Jaurlaritzaren Aztertu ingurumen heziketarako programak ere ekimenarekin bat egin du.
Gainera, ekintza hori boluntarioekin egingo dute. Beraz, ekintza horretan parte hartu nahi dutenek biharko eman behar dute izena Geoparkearen webgunean geoparkea@geoparkea.com posta elektronikora idatziz. Gutxieneko adina 14 urtekoa izango da, eta parte hartzaileei asegurua egingo diete.
Gomendioak
Zapatuko ekintzan parte hartzera doazenei arropa erosoekin eta oinetako egokiekin joateko gomendioa egin diete Geoparkeko arduradunek. «Labarretan ibiliko gara 2-3 orduz, eta eroso joatea eta ura ere eramatea komeni da». Argitu dutenez, autobusak 08:30ean aterako dira Debatik eta Zumaiatik, eta boluntarioak Elorriagara eramango dituzte. Elorriagatik oinez jaitsiko dira labarretara (20 minutuko ibilaldi laburra izango da), eta garbiketa egin eta gero, mokadutxoa jango dute. «Batzen diren zabor zakuak helikoptero batek jasoko ditu. Beste alde batetik, aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute».
Geoparkeak Mutriku, Deba eta Zumaiako eta inguruetako bizilagunei dei egin nahi izan die. «Gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartarazi eta ekintzan parte hartzeko deia egiten diegu».