Lekeitioko EH Bildu: 'Udal Gobernuak hizkuntz zabarkeriari autokritikarik ez'
Apirilaren azkan asteburuan, rallya izan gendun gure eskualdean. Lasterketa horren testuinguruan, Kastinparro Racing talde antolatzaileak aldizkari mardultxoa argitaratu eban aurreko egunetan. Bertan, iragarkiak, bateko zein besteko aurkezpenak, barri batzuk eta abarrez gain, eskualdeko udalen agurrak eta mezuak be argitaratu ebezan. Tartean, Lekeitioko udal gobernuarena, ohiko mezuak eskainiz.
Aitatu idazkian, baina, informazio akatsen bat edo beste argitaratu arren (ez zan zazpigarren aldia seigarrena baino), deigarriena, lotsagarriena eta iraingarriena beste hau izan zan, idazteko modua. Akats ortografikoak, zentzu bako puntu ugariak, hizki larriak eta xeheak edozelan, deklinabide kasuak berbatik bananduta… Zabarkeria eta begirune eza nagusi! Auzo-lotsak jota itzi gintuen EH Bilduko zinegotziok, herritar asko be bai, ziurrena.
Lotsak, kezkak eta ardurak eraginda, idazkia zuzendu eutsagun Koldo Goitia Markuerkiaga alkateari. Bertan, zintzoki agertu eutsagun ez gendula nahi norgehiagoka politikoan kokatu hizkuntz normalizazioa, ezta merezimendu lehian jardun. Argi adierazi eutsagun halako trakeskeriek ikaragarrizko kalteak sortarazten deutsazala hizkuntzari eta hautetsi guzti-guztion izen onari. Ondorioz, barriro halakorik ez gertatuteko baliabideak eskatu eutsaguzan, eta beste iradokizun batzuez gain, autokritika jendarteari azalpenak emonez. Maiatzaren 4an egindako osoko bilkuran be eskatu genduzan azalpenak, baina erantzunak negargarriak izan ziran: «Aringa-aringa egindakoaren ondorioak», «ez da horrenbesterako», «ez dakit zergatik emoten dotsazuen hainbeste inportantzi», «ustez beste harek zuzendu behar eban»…
EAJk ondotxo erakutsi dau iaiotasun handiz jorratuten dituela komunikazio ildoak. Aurreko legealdian sinistu eragin euskun kaleak zikin egoazala eta oraingoan sinistu eragin nahi deusku euskara zaintzen dabela. Zer pentsatu behar dogu?
–Andoni Seijo Arrinda. Lekeitioko EH Bilduren izenean.